Euskarazko irakaskuntzaren lehen urteetan zenbait guraso euskaldunek kezka adierazten zuten: Haurrek gaztelania ikasiko dute? Gauza izanen dira, behar izanez gero, lana gaztelaniaz egiteko? Esperientziak erakutsi du erantzuna, bietan, bai dela: eskolan egiten den gaztelaniaren lanketak eta, batez ere, gizarte osoan duen presentziak bermatzen dute haur eta gazteek gaztelania ongi ikastea. Baina badago beste arrazoi sakonago bat eskolan euskaraz ikasita eta, nahiz eta euskara etxeko eta kaleko hizkuntza izan, arazorik ez izateko gaztelaniaz ongi moldatzeko hiztunak hala behar duenean: pedagogoek[1] deitzen duten “komunikazio gaitasun komuna” delakoan gertatzen den hizkuntzen arteko transferentzia. Azal dezagun.
Pedagogoek bi tontorreko edo bi buruko izozmendiaren metafora erabiltzen dute (edo dakizkigun hizkuntza adina tontorrekoa) haur elebidunen burmuinak nola ikasten duen irudikatzeko. Izan ere, haur elebidunak arlo akademikoan eskuratzen dituen komunikazio-gaitasunak urpean dagoen eremura joaten dira, ikusten ez dugun eremura. Hor dena konektatuta dago, kanal batetik edo bestetik azaleratzeko prest; hau da, hizkuntza batetik edo bestetik, hiztunak egoera bakoitzean behar duenaren arabera.
Adibidez, haurrak euskaraz irakurtzen ikasten badu, ez du berriz irakurmena landu beharko gaztelaniaz irakurri ahal izateko. Behin gaitasuna garatuta, hizkuntza guztietan izanen du eskura; garunak urpean dagoen gaitasun hori edozein hizkuntzatan erabil baitezake. Gauza bera gertatuko da matematikako problema bat ebazten ikastean edo eskemak egiteko trebetasuna lortzean, beste adibide batzuk jartzeagatik. Uraren gainetik dauden izozmendiko hizkuntzak alda daitezke, baina gaitasun kognitiboak komunak dira, burmuinak badakielako hizkuntzen arteko transferentziak egiten.
Ikasteko mekanismo horien funtzionamendua ezagutzea interesgarria da, esaterako, eremu jakin batean, beti hizkuntza batean ikasi edo lan egin ondoren, beste hizkuntza batean egitea dagokigunean nola moldatzen garen ulertzeko. Izan ere, hizkuntza aldaketa gertatzen denean, denbora batez, ikasgaiko edo lan arloko berariazko hiztegira ohitu beharko dugu, baina, egokitze fasea gaindituta, ez dugu arazorik izanen egoera berrian gure gaitasunak lehen bezala garatzeko.
Komunikazio gaitasun komunak elikatzea familia guztiek egin dezaketen zerbait da, ezaugarri linguistikoak edozein direla ere: elkarrekin abestea eta irakurtzea, egunean zehar gertatu zaizkigun gauzak elkarri kontatzea eta bururatzen zaigun guztiari buruz hitz egitea. Ekintza erraz horiekin sendotzen dugu geroko gaitasun komunikatiboek beharko duten aldamioa. Esan daiteke, beraz, hizkuntza aberats batek besteak aberasten dituela.
Baina izozmendiaren metafora ondo ulertzeko, bada azken alderdi bat kontuan hartu behar dena. Uretatik ateratzen den eta ikusten dugun zatiak, hau da, dakizkigun hizkuntzen adierazpenak irudi orekatua izanen du, hiztunak hizkuntza horiekiko esposizio denbora nahikoa lortzen badu. Hizkuntza batean esposizio nahikorik ez badago, aldiz, muinoa ia ez da uretatik aterako. Horregatik, eta kontuan hartuta gaur egun euskararen presentzia desorekatua dela gizarte esparru askotan, familiek ezinbesteko eginkizuna dute prozesu honetan guztian: seme-alabei ahalik eta erabilera zabaleneko espazioak eskaintzea euskaraz, batez ere familian eta kultur eta aisialdiko jardueretan. Horrela osatuko baita izozmendiaren irudi osoa, etorkizuneko hiztunarentzat asebetegarria.
[1]Azalpen honen oinarrian Jim Cummins pedagogoaren lana dago.
CC BY-SA 4.0