Ba al dakigu noiz erabiltzen duten gure seme-alabek euskara gehien? Eskolan eta plazan berdin hitz egiten al dute? Lagunekin eta gurekin? Zerk eragiten du? Gurasoek eraginik dute edo eraginik izan dezakete?
Haurrek, euskaldunak izanda ere, eta eskolan euskaraz ikasten badute ere, ez dute beti euskaraz egiten. Etxean gertatzen da, baita kalean edo aisialdiko jardueretan ere. Horrek askotan nolabaiteko etsipena sortzen dio gurasoari, bestelako zerbait espero zuelako, eta sarritan etsipen horrek gurean klasikoa den erreakzioa eragiten du: “Egin euskaraz!!!” esaten zaie haurrei, batzuetan gozo eta beste zenbaitetan haserre ukituarekin. Eta horrek zer edo zer aldatuko duen itxaropena izaten du guraso askok, nahiz eta urteen joan-etorriak erakutsi digun normalean ez duela funtzionatzen, modu egonkor eta iraunkorrean ez behintzat.
Euskaraz gehiago hitz egiteko pizgarriak oso bestelakoak dira, noski. Bada, eskarmentuak eta adituen esanek erakutsi digute horiek ez direla frustrazioaren eta etsipenaren gainean eraiki behar eta beste bide batzuk jorratu behar direla, egoera horiek guztiak nola eta zergatik gertatzen diren ongi aztertu eta hortik abiatu.
Eta zein dira, bada, formula magiko ez diren arren, haurren euskararen erabileran eragiten lagunduko diguten bide horiek? Honatx, gure proposamenak:
Haien artean erdaraz ari dira
Aginduka eta purrustadaka joatea baino eraginkorragoa izan liteke gu geu elkarrizketan sartzea, bertan parte hartzea, euskaraz noski, eta horrela elkarrizketa euskarara joan dadin laguntzea. Amorerik ez eman, aldaketa ez baita berehalakoa izanen, haurrek erdaraz erantzuten diguten guztietan, guk euskaraz eginen dugu, haiek berriz euskarara etorri arte.
Helduok euskara erabiltzen dugu gure arteko harremanetan?
“Egin euskaraz!!!” formula, ezartzekotan, gehiago ezarri beharko liokete helduek beren buruari haurrei baino. Alegia, haurrek euskaraz egin dezaten nahi duen gurasoak egin dezakeen urratsik eraginkorrenetako bat euskara erabiltzea da, ez haurrekin bakarrik, baita helduekin, edonorekin eta edozertarako ere. Horrela, bide batez, euskarak denetarako balio duela erakutsi zaie. Eredu izan, horrenbestez, haurrak ederki ohartzen baitira beren inguruko helduek egiten duten guztiaz. Gurasoak dira seme-alaben erreferentzia nagusia bizitzaren arlo gehienetan. “Zer ikusi hura ikasi” dio euskarazko esaera zaharrak eta halaxe gertatzen da hizkuntzen esparruan ere.
Haurrarentzat euskarazko ingurune edo “ekosistema” bat bilatu
Harentzat atseginak diren euskarazko osagaiak eskura jarriz: musika, ipuinak, aisialdiko jarduerak, filmak eta marrazki bizidunak, jolasak eta jokoak… Ahal den guztietan euskararekiko asoziazio positiboak eskainiko dituzten jarduerak, egitekoak, momentuak… bilatu eta eskaini; esate baterako, euskara momentu goxo edota une bereziekin lotzea ideia ona da.
Euskaraz ongi eta eroso
Hizkuntza gaitasunak ere badu erabilerarekin hein bateko erlazioa. Haurrak euskaraz ongi moldatzea berme hobea da gerora euskaraz egin dezaten. Euskaldun ahalik eta osoenak eta erosoenak izan daitezen saia gaitezke, euskarari sarbide ahalik eta handiena ematen era guztietako jardueretan, eskolaz kanpoko jardueretan, ahoz nahiz idatziz…
Esan dugu aurrerago formula magikorik ez dagoela. Hizkuntzaren erabilera fenomeno konplexua da, eta haurrek ez dute konplexutasun horren gaineko gogoetarik egiten normalean, nahikoa modu naturalean jokatzen ohi dute. Baina formula magikorik gabe bada ere, gurasoek aletxoa ere jar dezakezue, aipatu berri ditugun bideak jorratuz, edo zeuek landuko dituzuen beste ildo batzuetatik joz. Betiere ohiko “Egin euskaraz!!!” ozpindutik harago.
CC BY-SA 4.0