Gurasoak dira seme-alaben erreferentzia nagusia bizitzaren arlo gehienetan. “Zer ikusi hura ikasi” dio euskarazko esaera zaharrak eta halaxe gertatzen da hizkuntzen esparruan ere.

Guraso biak edo bietako bat euskalduna bada, seme-alabek hori izanen dute erreferentziatzat euskararen erabilerari dagokionez.

Euskaraz dakiten guraso batzuk, ordea, erdaraz egiten diete seme-alabei. Edo etxekoei euskaraz egin arren, gero, inguruko euskaldunekin euskaraz aritzeko ohiturarik ez dute. Gurasoen jarrera horren aurrean haurrek interpretatzen ahal dute ez dela hain garrantzitsua euskaraz egitea, euskararekiko atxikimendu falta moduan ulertuz.

Hirugarren kasu bat ere bada: guraso biak euskaldunak izanik ere, beraien artean gazteleraz aritzen direnak, baita inguruko lagun eta senide euskaldunekin ere. Egoera hauek herri euskaldunenetan ere gertatzen dira, guztietan ohitura kontuen aitzakia hartuta.

Aipatutako kasu horietan guztietan haurrek pentsa dezakete “euskara haurren kontua dela, helduek, beraien artean, gaztelaniaz egiten dutelako”. Ez da ahaztu behar haurrek, askotan, helduak imitatzeko duten joera, eta kasu horietan aita-amen jokabideek pisu handia dutela txikiengan.

Egoera horren jatorrian euskararen berreskurapen prozesuan oraindik gertatzen diren desorekak daude. Hori dela eta, ohikoa da guraso askok kezka bera edukitzea, alegia, ez jakitea seme-alabek euskara erabiliko duten ala ez. Kasu horietan norberaren erabilera ohiturez hausnartu beharko da, eta beharrezkoa denean aldaketak egin.

Horrenbestez, gogoratu behar da hiztunen hizkuntza ohituretan hainbat faktorek eragiten dutela, eta horien artean haurrengan gehien eragiten duena helduengandik jasotzen duten eredua dela.