eta eskolatik kanpo jauzi puntu eus
BALIABIDEAK

Egin jauzi txikiekin, egin eus!

Jauzi.eus plataforma Iruñerriko euskarazko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea da: kirola, dantzak, musika, zientzia… eskaintzen dira, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte. Jarduera gehienak guraso elkarteek antolatzen dituzte eta beste hainbat berriz, tokiko udalek.

Eta eskolatik kanpo, zer? artikuluak adierazi bezala, umea koxkortzen doan neurrian, aisialdiak gero eta toki zabalagoa hartzen du bere bizitzan eta beharrezkoa da gurasoek aisialdiari berari duen garrantzia ematea.

Izan ere, haurrak, ongi pasatzeaz gain, bere sozializazio eremuak zabalduko ditu eta bere nortasuna eraikitzen lagunduko dioten bizipen berriak bereganatuko ditu. Aisialdiak bere bizitza aberastuko du, baita euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesua ere.

Betiere, eskola funtsezkoa izango da euskaren transmisioan, baina kontuan hartzekoa da bertan ematen den denbora tartea, urtean % 15ekoa dela soilik. Hortaz, haurrak eskolaz kanpo egiten duen ibilbidean eragitea garrantzizkoa suertatzen da.

Jauzi.eus: 200 ikastaro baino gehiago!
“Sortzen Gurasoak Federazioa” da bilatzaile honen egilea eta koordinatzailea. Webgunean sartuta, bilaketa hiru modutara egin daiteke; mapa batean sakatuz, bilatzailea baliatuz edo antolatzailearen arabera nabigatuz.

Plataforman iragartzen diren jarduerak Iruñerrian daude kokatuta, 3-18 adin-tarteari zuzentzen zaizkio eta eskola-egutegiaren baitan egiten diren jarduerak dira, urria eta maiatza bitartekoak.

2026/2027ko eskaintza maiatzaren 22tik aurrera egonen da ikusgai eta izen-ematea, maiatzaren 31ra bitartekoa izanen da. Udalek antolatutako jardueren kasuan, izena emateko bestelako baldintzak zehaztuko dira.