ARG.: © ERA
paisaia elurtua, etxeak mendiaren magalean
Etxean

Elur-melur, ez naiz zure beldur! Neguari abesten

Etxea eta sutondoa beti izan dira jendea elkartzeko tokia eta hizketaldi luze eta lasaietan ipuinak, sinesmenak, kantak etab. partekatzeko eta transmititzeko espazioa. Batez ere lehen, neguko giro gordinean iluntasunak eta eguraldiak etxera bultzatzen zutenean.

Bistan denez, garaiak aldatu dira, baita ohiturak ere, baina aurreko belaunaldiek sortutako altxor hura hortxe dugu, eskura, formatu zaharretan nahiz berrietan. Izan ere, badira neguari lotutako hainbat ipuin, kontakizun, istorio, kantu eta kontu, seme-alabei erakusteko hobezinak.

Horren guztiaren erakusgarri dira esaera zaharrak, esate baterako. Honakoak bezalakoak:

  • San Tomas eguna, argitu orduko iluna
  • Gabon, dagoenean bonbon, ez dagoenean egon
  • Urtarril hotza, neguaren bihotza
  • “Elur-melur, ez naiz zure beldur,
    baditut etxean arto eta egur”

Patxi Zubizarreta idazleak azken esaera horren aldaera literaturzalea eta berritua sortu zuen:

“Elur-melur, ez naiz zure beldur
baditut etxean liburu eta egur”

Halaber, badira neguari eskainitako kanta ugari, zaharrak nola berriak. Horietako batzuk jasoak daude ENE KANTAK-en Neguari abesten diskoan:

Eta, horiez gain, sasoi honetan ere bada beste protagonista bat: haurren ahotan dabilen Olentzero. Euskal kulturan eta usadioetan toki esanguratsua du eta bere inguruan makina bat kantu, istorio eta ipuin sortu dira.

Leitzako Kultur Taldeak, besteak beste, Olentzerori buruzko (Orantzaroa, bertan) lanketa sakona eta interesgarria egin du, askok espero ez dituzten hainbat alderdi eta ertz jasota.

Eta Zeberri aldizkariaren 2019ko abenduko zenbakian, bestalde, Oier Araolazari elkarrizketa bat egin diote, eta horretan ere hainbat xehetasun eta jakingarri aurkituko ditugu.

Negua hementxe dugunez, beraz, atera ditzagun oroimenaren kutxatik ipuin, esaera, kantu eta kanta horiek guztiak, eta atzoko zena gaurko bihurtu dezagun.

CC-BY-SA 4.0