Euskaraz ikasten duten haurrek eskolaz kanpo hizkuntzarekin ahalik eta kontaktu gehien izatea oso mesedegarria da ikas-prozesua osatzeko eta hizkuntzaren erregistro informalean trebatzeko. Kirol jarduerek horretarako aukera ezin hobea ematen dute, haurrek asko ikas dezaketelako gozatzen dauden bitartean. Horregatik, berebiziko garrantzia du familiek seme-alabei aukera ematea kirola euskaraz praktikatzeko.
Hezitzailea den kirolak, osasuntsua izateaz gain, bestelako alde onak ere baditu, unean nahiz etorkizunean primeran etorriko zaizkien bestelako balio eta praktikak lantzeko eta garatzeko (enpatia, ardura, talde-lana…) balio izateaz gainera, elkarrekintza asko eskaintzen ditu. Elkarrekintza hauek pertsona askorekin egiten dira (taldekideak, beste taldeko pertsonak, entrenatzaileak…) eta horietan ezinbestekoa bihurtzen da komunikazioa.
Haurrek askoz denbora gehiago pasatzen dute eskolatik kanpo eskolan baino, eta kontuan hartu behar da hizkuntzak ez direla bakarrik eskolan ikasten, bizitzan ere ikasten dira. Kirol jardueretan euskaraz aritzeak hizkuntza horretan aritzeko ziurtasuna emanen die testuinguru informaletan erosotasunez komunikatzeko, esaterako, pozak, haserreak, umorea… adierazteko.
Egungo gizartean, pertsonen eleaniztasuna gero eta gehiago baloratzen den testuinguruan, Nafarroan gero eta gehiago dira beren seme-alabak euskaraz eskolatzeko erabakia hartzen duten gurasoak. Hein berean, gero eta haur eta gazte gehiago dira kirol esparruan ere euskaraz hitz egiteko gai direnak.
Webguneko baliabideen atalean aukera duzu kontsultatzeko Nafarroako hainbat udalerritan euskaraz eskaintzen diren kirol jarduerak.