Pertsonen identitatea haurtzaroan eraikitzen hasi eta bizitza osoan luzatzen da. Poliki-poliki osatzen doa, baita eraldatuz ere. Bizipenek, esaterako, guregan eragin zuzena dute, eta nerabezaroan sartuta, adibidez, prozesua esprintean bizkortzen da. Haurtasuna atzean utzita, oihuka agertzen da nerabea, gurasoen besoetatik askatu nahi duena, bere tokiaren bila abiatu berri dena.
Eta gurasoek, jadanik, ez dute ordura arteko tokia beteko, lagunei baitagokie. Lagunek osatzen dute haien harremanetarako gunea eta desberdintzen ahalegintzen dira beraien estilo propioa sortuz. Aise ikusten da janzkeran, zaletasunetan, keinuetan… eta nola ez, hizkeran.
Fenomeno hau orokorra da, toki gehienetan ematen dena. Gazteak direla lau haizetara aldarrikatzeko beharrari hizkera propioarekin erantzuten diote. Eta gazteentzat zer esaten duten baino garrantzitsuagoa da nola esaten duten: hitz propioak/bereziak, behin eta berriro errepikatzen diren esamolde eta makuluak… Bada, horrez gain, hemen bada bereizgarri bat: gazte elebidunek, hizkuntzak konbinatzen dituzte. Ya sabes, bai ezta? Hortaz, ez da arraroa euskañola edo euskanglisha entzutea.
Azken batean, garai horretan arau bakarra dago: arauak haustea. Eta garrantzitsuena da talde bateko kide sentitzea.
Moda guztiak bezalaxe, urtetik urtera aldatzen da gazte-hizkera ere. Hori dela eta, helduei kosta egiten zaie erritmoa jarraitzea. Berria delakoan esamolde bat erabiltzen hasi orduko gazteek jadanik deskatalogatu eta beste bat darabilte bolo-bolo. Hori da hizkuntza bizia eta hori da hizkuntza batean bizitzea.
Izenak dioen bezala, gazte-hizkera gazteek beraiek sortua da. Horrenbestez, pentsa daiteke helduek hor ezer gutxi egin dezaketela. Hala izan arren, adin horretako seme-alabak dituztenek haien eskura jar ditzakete gisa honetako baliabideak, nondik edan izan dezaten:
- Ahotsak proiektuak sortutako “Gazte gara gazte” Gazteei egindako elkarrizketa eta bideo asko dauzka, baitagazte hiztegia ere.
- 2018ko Euskaraldian Berriak gaikako hiztegien bideoak sortu zituen, horien artean ligatzeko esamoldeak. Gazteen esamoldeak jasotzen dituztenak ere .
CC BY-SA 4.0