ARG: Bruno /Germany-pixabay
ETXEAN

Etxealdian, berealdiko guraso titulatuak

Hizkuntzak ikasteari ekin dionak badaki hainbat mailatan sailkatzen dela hizkuntza horretan dugun ezagutzaren neurria. Honela, Europan, honako erreferentziak erabiltzen dira: C1 eta C2 ezagutza mailarik altuena dutenentzat, tartekoak B1 eta B2 dira, eta hasi berriak A1 eta A2.

Eta, Etxealdiak ataka berezi batean jarri gaituela baliatuta, hizkuntzekin egiten den bezala, gurasoak sailkatuko bagenitu? Betiere umoretik eta umore onez… Oharra: “Errealitatearekin izan dezakeen antzekotasun oro kointzidentzia hutsa da”, hortaz, hemendik aurrera zure ardurapean irakurri.

Etxealdiko A mailako gurasoa:

Elikadura: Haurrak lokartzeko txupetea patxaranean bustitzen dut. ‘Patxarana’ euskarazko hitza da, ezta?

Kirola: Gaztezuloko kirola egiteko 6 APP onenak deskargatu nituen, baita haurdunentzako hori ere… eta instalazioan nekatu naiz.

Euskaltegia: Euskaltegiko whatsapp taldetik atera naiz, daitort, ‘tortillometroarengatik’ joaten nintzen klasera.

Gizarteratzea: Seme-alabei Gabi de la Mazaren karaoke guztiak jarri dizkiet, iragazkirik gabe, balkoitik abes diezaioten auzoari…

Etxealdiko B mailako gurasoa:

Elikadura: ERA.eus-i jaramon egin nion, sukaldea eta euskara praktikatzea eskutik joan litezkeela… orain nire seme-alabak ez du medikua izan nahi, errezeta-youtuberra baizik.

Kirola: Egunero egunero Elene Carretoren euskal zunba saio guztiak egin ditugu eta hitz berri bat ikasi dugu etxean: zaintiratu.

Euskaltegia: Eskolak bideokonferentzia bidez egiten hasi dira… ordenagailuko kamera izorratua dagoela esan diet. Ile hauekin!? Bai zera! Mobila proposatu didate… beste aitzakia bat behar dut, lagunduko? Mese…?

Gizarteratzea: Herriko dantza/musika/robotika/bertso taldeko bideoan parte hartu dugu eta plano bereko 59 saiakera egin ditugu… seme-alaba bakoitzarekin… talde bakoitzean. Eta, orduan, urtebetetzeen zoriontzeak hasi dira!

Etxealdiko C mailako gurasoa:

Elikadura: ERA.eus-en euskararen dieta osasungarria hitzez hitz jarraitzen dut eta bertako elikadura piramidea hozkailuko atean itsatsi dut koloretan. Ohar bat idatzi diet alboan: ”Piramidearen osagaiak arnasa hartu gabe errezitatzen ez dituenak, afaririk ez!”

Kirola: Elene Carretoren euskal zunba saio guztiak egin ditugu… baina motz geratu zaigu. Zunba Extrem eskatu diogu eta, erantzun bitartean, ERA.eus-en baliabideen atalean bilatu dugu etxeko korridorean rokodromoa nola eraiki.

Euskaltegia: Guraso izan nintzenean ekin nion euskara ikasteari eta, orain, etxealdi luze honetan, aspaldi egiteko nuena egiterik izan dut: Europako Kontseiluari instantzia bidali diot eskatuz C2ren ondoren C3 gaitasun maila aitortzeko, ez dut euskaltegia utzi nahi.

Gizarteratzea: Euskaraldiko bideo guztiak (baita spot-a ere) ikusi eta partekatu ditut eskolako guraso taldean, etxeko leihoak ere traolatu ditut #EtxealditikEuskaraldira-rekin ortzadarreko kolore guztiak erabiliz, Etxealdirako 7 proposamenak familia girora egokitu eta egin ditut. Ah, eta antolatzaileei dosierra bidali diet hamaika eta bat arrazoi emanez 16 urte baino gutxiagokoak ez gutxiagotzeko eta Euskaraldian onartzeko, bestela balkoi-eltzekada bat antolatzeko asmoa adierazi dut.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat