ETXEANKANPOAN

Euskararen dieta osasungarria: piramidearen oinarrian hizkera ez formala

Jaten duguna omen gara, baina ez dugu soilik ahotik jaten. Hizkuntzen eremura etorrita, esan daiteke belarrietatik eta begietatik elikatzen garela. Beraz, horrela osatzen dira gure esateko erak eta manerak, hau da, hiztegia eta egitura multzoa.

Helduen kasuan esaterako, jakina da ez dela hizkuntza modu berean erabiltzen tabernan lagunekin edo lana lortzeko elkarrizketa batean, afari bat antolatzeko WhatsApp taldean edo udalari egindako eskaera batean… Beste batengana zuzentzeko hainbat modu ditugu eskura, baina testuinguruaren arabera horien artean egokiena hautatu behar da, behar bezala komunikatzeko.

Beraz, hizkera ongi aukeratzea da arrakastaren gakoa: doinua, hiztegi mota, ahoskatzeko modua… Alegia, esateko moduarekin asmatuz gero, errazago lortuko dugu gure helburua. Horregatik, adibidez, haur batekin beti egokituko dugu hizkera dena ongi uler dezan.Testuinguruaren arabera aukeraturiko era horiek “erregistroak” dira. Horien artean informalak (lagunartekoa, familiakoa…) eta formalak daude (akademikoa, lanekoa..) eta denek “errepertorioa” osatzen dute. Esan daiteke erregistroak hizkuntzaren elikagai taldeak direla (barazkiak, esnekiak, zerealak…) eta errepertorioa, berriz, dieta.

Dieta osasungarriaren urrezko arauak dira askotarikoa izatea eta piramidearen oinarrian barazkiak, frutak, zerealak eta lekaleak kokatzea. Hizkuntzaren dieta osasungarria osatzeko, euskara ikasten ari diren haurrek, alde batetik, askotariko erregistroak behar dituzte (lagunartekoa, familiakoa, akademikoa), hau da, euskara edozein egoeratan egoki eta eroso erabili ahal izateko baliabideak. Eta,  beste aldetik, piramidearen oinarrian kokatu behar dira ahozko erregistro informalak,  eguneroko harremanetan oso beharrezkoak direlako. Aisialdian, familian eta eskolako jolastokian zein jantokian ikasten dira horiek. Izan ere, adierazteko modu bakoitza dagokion esparru eta giroan erabiliz jasotzen da.

Haurrak hazteko ez da aski elikagai mota bakarra eta, era berean,  euskaraz egoera guztietan behar bezala moldatzeko ez da aski gelako erregistro akademikoa. Horregatik garrantzia handia du eskolaz kanpoko erregistroen lanketak eta hor, jateko ohituretan bezala, familiek asko egin dezakete seme-alabek “euskararen dieta osasungarria” izan dezaten eta, helburu horretan, ERA dute bidelagun.

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat