Euskal izenak haurrentzat
ETXEAN

Euskal izenak seme-alabentzat: aukeratuenak, bitxienak, klasikoak…

Euskal izenak modan? Haurdunaldian zehar badira une polit asko: bihotz taupadak lehen aldiz entzutea, senide eta lagunei haurdunaldiarena kontatzea, umearen logela prestatzea… eta izena bera aukeratzea ere bai, jakina. Batzuetan negoziazio bihurtzen da eta beste batzuetan  leon-kastillo eginda erabakitzen da umeari Iraia ala Oihana deitu.  Baina askotan luze jotzen du eta ia-ia erditzeraino airean egoten da erabakia. Hortaz, badu bere koxka. Zalantzarik gabe, izena garrantzitsua da, identifikatzen gaituelako, hezur-haragizko harremanen munduan kokatzen gaituelako; jaioberriarentzat norbait izateko bidearen hasiera delako.

Egia da haurraren izaera eta ezaugarriak askoz garrantzitsuagoak direla. Hala ere, izena aukeratzea zeregin garrantzitsua da gurasoentzat. Hor originaltasunaren eta hurbiltasunaren artean mugitu ohi dira. Batzuek haurrari nortasuna emanen dion izena eman nahi diote, berezia, inork ez duena. Beste batzuek, aldiz, ingurukoentzat ezaguna eta erraza  den bat nahiago dute. Ez dira gutxi amaieran tz dutenak baztertzen dituzten gurasoak, ahoskatzen pixka bat zailago baitira. Horri begira, ez dago batere arazorik  euskal izenen zerrenda oso-oso ugaria baita eta badago non aukeratu: Xabier edo Izaskun izen klasikoetatik hasita Aiuri edo Xumar berezietaraino.

Hautuan laguntzeko hamaika toki dago, baina kasu,  guztien artean gomendagarriena Euskaltzaindiaren izen-zerrenda da. Izan ere, hor izen bakoitza nola idazten den agertzen denez, erregistro ofizialek zerrenda hori erabiltzen dute gurasoek daramaten proposamena kontrastatzeko. Beraz, haurraren izena inskribatzerakoan dena behar bezala joateko, arazorik gabe, komeni da aldez aurretik ezagutzea. Gainera, jatorriari zein esanahiari buruzko azalpen labur bat ere ematen dute. Eta horrez gain, euskal abizenak euskal grafiaz zuzen idazteko informazioa ere bertan dago.

Izenak gora eta izenak behera, esan beharra dago izendegiak gizartearekin batera aldatzen direla. Azken urteotan, adibidez, gero eta gehiago dira genero markarik gabeko izenak begiratzen dituzten gurasoak. Lehen, neska-izenen zerrenda eta mutil-izenena zegoen, baina egun, horiekin batera, euskarazko izen neutroen zerrenda ere badago, eta asko kontsultatzen da. 500 izen inguru bildu dira: Amets, Amaiur, Aratz, Haize, Haritzeder, Izar, Ireber…

Nafarroan azken urteotan asko erabili dira honako hauek: June, Ane, Oihan, Julen, Irati, Nahia, Aimar, Oier… baina besteek zer egiten duten baino, norberak zein nahiago duen pentsatu behar. Esana dago erabaki garrantzitsua dela, baina, batez ere, polita da. Hortaz, izan negoziatua, zozketa eginda edo amatxik nahi zuena aukeratuta, izan dadila disfrutatzeko manera.

 

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat