Elaide
Etxean

Euskara ikaslearen bidelagunak

“Aukera galdurik?” lelopean iritsi da aurtengo matrikulazio-kanpaina, orain baita euskara ikastaroetan izena emateko garaia. Eskaintza zabala dago Nafarroa osoan eta gero eta errazagoa da norberaren beharretara egokitzen den euskaltegia aurkitzea. Metodologia eta ordutegiaz gain, talde espezifikoak aukeran ematen dituzten ikastegiak ugaritu dira. Guraso-taldeak, esate baterako, eskaintza berezitu horren baitan daude. Izan ere, gehienetan seme-alaben eskolan bertan izaten dira, arratsaldeko tartean eta adin beretsuko umeak dituzten gurasoendako propio antolatuak. Horrela, bada, errazagoa da euskara familia barnean transmititzea eta euskal komunitate eta kulturaz gozatzea.

Seme-alabekin, gainera, asko ikas daiteke: beraiekin eta beraiengandik. Haurrei baliagarri zaiena, helduendako ere aintzat hartzeko modukoa izaten da sarri. Eskolan ikasitakoa indartzeko etxean komiki eta liburuak irakurtzen dituzte, euskaraz naturalago hitz egiteko telebistak laguntzen die… Gurasoek ere bide beretik jo dezakete eta euskaltegian ikasitakoa etxean indartu.

Elaide webguneak, adibidez, helburu hori du, alegia, euskara ikasten ari direnei baliabideak ematea. Alde batetik, material didaktikoa biltzen du eta ikasleendako informazio eguneratua. Eta, bestetik, euskaltegiei eta dirulaguntzei buruzko informazioa. Gainera, aparteko garrantzia ematen dio erabilerari,  horixe izaten baita hizkuntza bat ikasteko helburu nagusia. Hori dela eta, mintzapraktika programen berri ematen du, erabileran eragiteko ekimenen berri, euskarazko jardueren agenda eguneratua du, tokiko hedabideak hurbiltzen ditu eta ezer ez galtzeko, bi astean behin newsletter bat igortzen die harpidetuei. Probatu nahi?