Haur eta gaztetxoen euskarazko ahozkoa indartzea guraso askoren kezka da, baina ez bakarrik beraiena. Irakasleena ere bada, baita hizkuntzari buruzko kezka duen beste hainbat eragilerena. Horri begira, bada, jardunaldi bat antolatu zen irailaren 29an Iruñean.
Hizlarien artean, besteak beste, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta EIBZ-takoak izan ziren, Helena Baraibar eta Yolanda Olasagarre hurrenez hurren. Biak eskolako irakasle, zuzendari eta profesionalek, gelan eta jostaldian, erronka horretan izan ditzaketen aukerei buruz aritu ziren: ikastetxeetako hizkuntza proiektuaz (euskararen erabilera arautzeko irizpideak), hizkuntza programazioan txertatu beharraz, irakasleen formazioaz, eguneroko hizkera eta hizkera akademikoa sistematikoki ebaluatzeaz eta jarraipena egiteaz…
Baina, esan bezala, erabilerari buruzko kezka eskolatik urrunago doa. Hori dela eta, Yolanda Arrieta idazle eta sortzaileak ere parte hartu zuen. Euskara ahora eramateko dekalogoa aurkeztu zuen eta haurren gune afektiboetan, harremanetan, jarri zuen arreta.
Nolanahi ere, guraso eta Guraso Elkarteen esku ere jarduera asko daude, ikastetxetik kanpo (kanpaldiak, musika eskola, ipuin kontalariak, zinema, Euskaraz Kilika programa, …) zein ikastetxean: harrera zerbitzua (eskolak hasi aurretiko “haurtzaindegi zerbitzua”), jantokia, eguerdiko “eskola kanpokoak” (jolasak, antzerkia, robotika, xakea, zirkoa, mekanografia…), ikasturte bukaerako festa… Eta horiek aukera apartak dira eragiteko, Arrietak eta Olasagarrek proposatu bezala:
- Arrietak nabarmendu zuen hari afektiboak (ia) eten egin direla gure gizartean, eta horiek euskaraz blaitzea eta euskaradun harremanak sortzea proposatu zuen. Harreman horiek EHUNDU egin behar dira, ez JOSI edo LOTU. Josten duzunean bi oihal lotzen dituzu, ehuntzen duzunean, aldiz, oihal berri bat sortzen duzu. Zertarako euskara? galderari erantzunez, Yolandak esan zuen euskarak hutsune afektibo horiek bete, berotu, osatu ditzakeela. Gurasoek edo guraso elkarteek haurren gustuko diren eta euskarazko oroitzapen eta atxikipen berriak sortuko dituzten jarduerak antolatu, eskatu, izena eman dezakete.
- Bestalde, antolatzen edo eskatzen diren ekimen horietan, Olasagarrek nabarmendu zuen ez dela nahikoa begiraleak, hezitzaileak, entrenatzaileak… euskal hiztunak izatea, kirol, jolas edo ikasketarekin bat datozen hizkuntza helburuak ere ezarri behar dituztela. Norberaren hizkuntza portaera garrantzitsua da, bai, baina gaztetxoen portaeran eragiteko estrategiak ezagutu, praktikan jarri eta jarraipena egin beharko lukete. Eta guraso elkarteak, antolatzaile gisa, badu zer esan eta zer eskatu.
CC BY-SA 4.0