Euskarak, edozein hizkuntzak bezala, hiztunak behar ditu. Eta hiztun horiek, jakina, hizkuntza erabiltzeko espazioak behar dituzte. Logika horretan sartzen dira, bete-betean, AGERRALDIAk sustatuta Nafarroako Ager eremuan abiatu diren hainbat ludoteka. Haurrei zuzendutako espazioak dira, hain zuzen ere, euskaraz jakin badakiten haur horiek euskaraz egiteko aukera izan dezaten eta, gainera, ongi pasatuz eta gozatuz egin dezaten.
Haurren aisialdian euskarari espazio egonkor eta sendoa eskaintzeko helburua dute gune horiek. Horregatik, ludotekaren formatua hartu dute, eta bertan landuko dituzten jarduerak ludikotasunarekin, jostatzearekin eta gozamenarekin lotutakoak izanen dira. Gisa honetako ludotekak Ager deitu zaion eremu horretako 19 herritan jarri dira martxan:
Allo, Azkoien, Kaparrotsu, Ager eskualdea, Orba, Donamartiri, Tafalla, Sesma, Erriberri, Oteiza, Castejón, Sartaguda, Andosilla, Ilunberri, Biana, Antzin Lodosa eta Mendigorria.
Ekimen hau abian jartzeko urratsak gurasoekin eta Sortzen nahiz Erbinude Elkartearekin koordinatu eta antolatu dira. Jolastekak dira Sortzenek kudeatutako ludotekak, eta Jolasguneak Erbinude Elkarteak kudeatzen dituenak.
Euskararentzat irabazitako espazio horietan 230 ume inguruk eman du izena dagoeneko, eta astean behin elkartzen dira normalean, ordubete edo ordu eta erdiko saiotan. Asteburuetan batzuetan, astez besteetan.
ERAn makina bat aldiz azpimarratu dugu zein garrantzitsua den aisialdian eta jolasean euskarari tokia egitea, eta eskolaz kanpo ere euskararen erabilera informala sustatzea. Garrantzitsua da edozein eremu geografikotan, agian are garrantzitsuagoa euskararen presentzia ahulagoa den eta indargune gutxiago dituen eremuetan.
Ager eremuko ludoteka horiek 2020-2021 ikasturtean abiatu ziren.Ikasturte honetan ere hasitako bideari jarraitu diote, eta gune egonkor eta iraunkor bihurtzeko asmo sendoarekin ari dira lanean. Gehienbat eskolaren bitartez euskaraz ikasten ari diren haur horiek guztiek eskertuko dute, zinez!
CC BY-SA 4.0