Euskararen osasuna zertan den jakin nahian, aldian-aldian inkestak egiten dira. Horietan euskararen ezagutza, transmisioa, erabilera eta jarrera aztertu ohi dira. Datu ugari, eta hainbat ondorio. Eta datu eta ondorio horietako bat aipatu nahi dugu gaurkoan, garrantzitsua baita: bi bikotekideak euskaldunak direnean euskara ia % 100ean transmititzen zaie seme-alabei, baina bikote mistoen kasuan, alegia, bikotekide bat euskalduna denean eta bestea ez, galera esanguratsu bat gertatzen da. Hala ere, adinean behera egin ahala, euskararen transmisioa gero eta handiagoa da bikote mistoetan. Izan ere, ageri-agerikoa da guraso gazteek euskara beren seme-alabei transmititzeari ematen dioten garrantzia.
Baina, esan bezala, zenbaitetan, eta ziur asko arrazoi ezberdinengatik, mistoak diren bikoteetan euskalduna den horrek ez dio euskaraz egiten seme-alabari. Galera bat da euskararentzat eta, zer esanik ez, galera bat haur horrentzat, etxetik jaso lezakeen hori ez duelako jasoko.
Bikote mistoen errealitatea oso ohikoa da euskararen lurralde guztietan, gero eta ohikoagoa eta, horrexegatik hain zuzen ere, bikote-eredu horretan euskarari tokia egiteak berebiziko garrantzia izanen du hizkuntzaren etorkizunean.
Bikote mistoen kasuan transmisioan galera bat gertatzen dela esan dugu, baina, jakina, beste kasu askotan, oraingoz gehienetan, euskarari eusten zaio eta seme-alabek etxean euskara ere ikasten dute. Alegia, egin egin daiteke, eta gaur egun hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen den familien adibidea oso ohikoa eta arrunta da.
Hori ere, etxeko beste hainbat alderdi bezala, “negoziatu” eta adostu daiteke. Etxean horretaz ere hitz egitea komeni da, eta bikoteko kide bakoitzari egokitzen zaion egitekoa zehaztu. Euskaldunak euskara eman diezaioke semeari edo alabari, hasiera-hasieratik harekin euskaraz eginez, eta opari ederra emanen dio horrela.
Eta euskaraz ez dakienak ere, jakina, baita pixka bat dakienak ere, lagundu dezake. Euskara ikasteko aukera hor izanen da beti, noski, baina horretaz gain, euskaraz jakin gabe ere, guraso euskaldunak eginen duen transmisioa ulertu eta babestu dezake, eta euskararekiko jarrera positiboa adierazi eta transmititu dezake. Horrek guraso euskaldunaren hautua indartu eta sustatu eginen du, eta haurraren erabileran eta jarreran eragin positiboa izanen du, zalantzarik gabe.
Aberastasuna da hizkuntza gehiago jakitea, seme-alabei mesede eginen die euskara etxean jasotzeak, eta euskararentzat berarentzat ere ezinbestekoa izanen da bikote mistoetan euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzea.
CC BY-SA 4.0