2027an ERAk 10 urte beteko ditu 0-12 urte bitarteko haurrentzako euskarazko baliabideak eta edukiak eskaintzen. Urteurrena dela eta, plataformak hobekuntzak eginen ditu eta horretarako zure iritzia jakin nahi dugu.
Nafarroako udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen egitasmoa da ERA, 2017an sortua. Urte guzti hauetan, 0-12 urte bitarteko haurren familien eta irakasleen bidelagun eta euskarazko edukien erreferentziazko gunea bihurtzea izan da helburua. Horretarako, mota askotariko baliabideak, aholkuak eta proposamenak eskaini dira etengabe, www.eranafarroa.eus webgunea, Youtube kanala eta Facebook zein Instagram sare-sozialak erabilita.
Etxean, zein etxetik kanpo euskara erabiltzeko ideiak, aisialdirako aukerak, jolasak, kultur proposamenak, agenda eta haurren egunerokoan euskara txertatzeko hainbat gomendio ematen dira bertan. Izan ere, haurren euskararekiko harremana ez da eskolara mugatzen. Besteak beste, etxean, lagunartean, aisialdian, sareetan eta kultur guneetan ere euskarazko aukerak izatea bereziki garrantzitsua da. Horregatik, ERAren bitartez familiei egunerokoan euskaraz bizitzeko aukerak eta ideiak zabaltzea da asmoa, une eta behar desberdinetara egokituta.
Sorreratik ia 10 urte pasa diren honetan, beste urrats bat emateko garaia iritsi da. ERAren edukiak eta komunikatzeko modua berrikusi eta hobetzen jarraitu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa izanen da zure iritzia eta beharrak ezagutzea.
Zure iritzia garrantzitsua da
Guraso, guraso gai edo irakaslea zaren aldetik, zer bilatzen duzu euskarazko eduki eta baliabideak behar dituzunean? Zertan da lagungarria ERA? Zer aldatu edo hobetuko zenuke?
Galdera horien eta beste batzuen inguruko erantzunak jasotzeko 4 minutuko galdetegi labur bat prestatu dugu: https://labur.eus/Galdetegia_ERA
Zure erantzunak oso baliagarriak izanen dira ERAko edukiak gaur egungo beharretara eta interesetara hobeki egokitzeko.
Eskerrik asko zure laguntzagatik irakurle!
CC BY-SA 4.0



