ARG: Gaubeltza.eus
KANPOAN

Kalabazak hustu, kandelak piztu… hemen da Txinurrien gaua

Udazken betean gaude, uzta bilketa, iluntasuna, giro goibela, urtearen amaiera… eta udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan elkar beldurtzeko eta jolasean aritzeko aukera eskaintzen digu heriotzak. Izan ere, arimen egunarekin lotutako ohiturak Europa osoko kultura tradizionalean zabaldu dira, baita euskal usadioan ere. Ospakizun horiek hasiera ematen zioten udazken-neguko festen zikloari: Arimen Gaua, San Tomas, Olentzero, Santa Agata eta Inauteriak. 

Festa horien ezaugarri komuna zen eskean ibiltzea. Honakoak dira, adibidez, Nafarroako hainbat herritan, hildakoen egunean, gozokiak eskatuz haurrek abesten zituztenak:

 “Tximurrie, manurrie, kankan kankan txinurrie. Bota bota kastañera lurrera.”

Xanduli, manduli, kikirikiiiii…. eman goxokiak guriiiii

Txingila mingila kurruskairua, ireki ezazu armairua

Garai batean, urritik azarorako egun horietan, umeek, baratzetako kalabaza, arbia edo erremolatxak hartu, hustu eta begiak eta ahoa zulatzen zizkieten, buru-itxura emateko. Barnean kandela mutur bat sartu eta ilunabarrean auzokoak beldurtzen ibiltzen ziren, bihurrikeria moduan. Ohiturak eta usadioak aldatuz doaz, baita festak ospatzeko moduak ere. Azken urte hauetan, ordea, ahalegin handia egin da arimen gauaren inguruko ospakizunak berreskuratzen.

Euskaltzaleen Topaguneak gaubeltza.eus webgunean zenbait baliabide  eta spot bat eskaintzen ditu Arimen Gauaren ospakizunetan murgiltzeko eta haurrekin etxeko plan bikaina prestatzeko oso erabilgarriak: beldurrezko kontakizunak, kalabazak apaintzeko tailerra, beldurrezko makillaje-teknikak ikasteko bideoa… 

Eta, horiez gain, badago gauari eta heriotzari keinuak bestela egitea  ere: Gau Beltza liburuan, adibidez, beldurrak uxatzeko etxeko trapu zaharrak jantzita aterako da Anari protagonista lagunekin. Pirritxek eta Porrotxek ere kantu alai bat eskaini diote Arimen gauari. Eta azaroko lehen hamabostaldian argitaratuko da Gau Beltza eta ahanzturaren pasabidea liburua.

Bistan da, beraz, gurean ere badirela kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak…

CC BY-SA 4.0