ARG: Pixabay
Haur poesia
ETXEAN

Haur poesiaren aldeko dekalogoa

Haurrek jaiotzen direnetik jasotzen dituzte beren lehen poemak sehaska kanten bidez. Haien lehendabiziko jolasetan ere, haur poesia erabiltzen da maiz. Alabaina, haurrei lehendabiziko liburuak erosten zaizkienean nekez hautatzen dituzte gurasoek haur-poesiazkoak, konplexuak direlakoan. Poema liburuek, ordea, era guztietako onurak dakarzkiete umeei. Horietako batzuk ekarriko ditugu hona, dekalogo moduan:

 

1.- Haur poesiako liburuak oso dibertigarriak dira

Guraso asko ez dira ausartzen haien seme-alabendako poesia-liburuak erostera testu zailak edo aspergarriak direlakoan, baina guztiz kontrakoa gertatzen da: primerakoak dira jolasteko eta ez dira batere zailak.

2.- Umeak irakurtzen hasi baino lehenago etxean sar daitezkeen liburuak dira

Hasiera hasieratik has gaitezke haur poesiarekin, baita umea irakurtzen hasi baino lehen ere, aproposak dira umea hitzekin jolasten hasten denean eskaintzeko. Une magikoak sortzen dira gurasoek umeei poemak xuxurlatzen dizkietenean ume horiek poemen musika berehala harrapatzen dutelako.

3.- Euskaraz oso ongi moldatzen ez diren gurasoek ere poemak kontatu ditzakete

Poemak errazak dira irakurtzeko eta baita buruz ikasteko ere. Poemak hitzezko jolasak diren aldetik, nahiz eta guraso batek euskaraz (ongi) ez jakin, umearekin jolastu dezake poemen bidez. Izan ere, ez dago poesia guztiz ulertu beharrik.

4.- Sentimenduak adierazteko ez dago poemak bezalakorik 

Literatura —baina, bereziki, poesia— sentimenduak adierazteko lagungarria da, nor bere burua ezagutzeko alegia.

5.- Hizkuntza garatzeko oso egokia da haur poesia

Poemak tresna paregabeak dira hizkuntza gaitasuna garatzeko. Izan ere, poemek erritmoa dute, errepikapenak, errimak, hitz jokoak… musikaltasun handiko testuak dira.

6.- Poema liburuak konpainia onean irakurtzekoak dira

Aukerarik onena da gurasoek umeekin batera ahots gora irakurtzea eta dagokion intonazioa ematen saiatzea. Umeak liburua eskutan hartu eta gurasoei eskatuko die elkarrekin irakurtzea ohera joan baino lehen —edo eguneko beste une batean—.

7.- Poemak gorputz osoarekin irakurtzen dira

Poemek dramatizatzeko aukera ematen dute, poema “bizidun” bihurtzen dira horrela. Gorputzaren atal guztiak erabilita esan daitezke poemak, ez bakarrik burua eta eskuak erabilita.

8.- Poemak onak dira memoria lantzeko

Poema bat behin baino gehiagotan irakurtzeak edo entzuteak haurrak ia konturatu gabe buruz ikastea eragingo du. Umeak gustuko duen poema edo poema zatia buruz ikasi dezake eta etxekoen aurrean errezitatu.

9.- Poesiak hiztegia zabaltzeko balio du

Poesia irakurtzeak —eta oro har, literaturak— hiztegia zabaltzen lagunduko dio umeari, modu erraz eta ludikoan.

10.-  Poesiak irudimena handitzen du

Oso atsegina da poemak entzutea begiak itxita. Umeek poema horiekin lotutako irudiak sortuko dituzte beren baitan.

 

Pamiela eta Kalandraka argitaletxeen elkarlan emankorraren adibide ederra dira “Ilargian kulunkantari” Xabier Olasoren piktograma poetikoak edo “poegramak”, 6 hilabetetik gorako neska-mutikoentzat egokiak. Bildumako zortzi liburu oinarri hartuta, Pamielak poemak gozatzeko eta ikasteko bideoak jarri ditu denon eskura: “Ilargian kulunkantari” (Poegramak)

 

Begiak barrez barrez
kokotsa negarrez;
halaxe egoten zara, maitea
esnea edanez, ai, ai, ai;
halaxe egoten zara, maitea
tantaka irribarrez.

 

Juan Kruz Igerabide
Gorputz osorako poemak (Aizkorri, 2005)

 

 

CC BY-SA 4.0