ARG: Pixabay
ETXEANKANPOAN

Hizkuntz sozializazioa: kontuan hartu beharreko faktorea

Arroza mundu guztian jaten den elikagaia da, baina ez da toki guztietan modu berean jaten: hemen sardexkarekin jan ohi da, zenbait tokitan txotxekin eta beste zenbaitetan eskuekin. Arroza nola jan txikitan ikasten da, tokian tokiko sozializazioaren ondorioz. 

Bestela esanda, sozializazioa prozesu bat da, zeinetan komunitate batean modu egokian parte hartzeko beharrezko ezagutzak, arauak, jarrerak eta bestelakoak eskuratzen baitira. “Modu egokian” azpimarratu da toki batean eta bestean egoki dena ez baitator beti bat. Esan bezala, toki batzuetan arroza eskuekin jatea egokia da eta denek espero dutena, eta hori hala dela, hain zuzen ere, sozializazioaren bidez ikasten da. 

Sozializazioa hizkuntzen alorrera ekarrita, beraz, hauxe da gertatzen dena: haurtzaroan hitz egiten ikasten da. Haur batzuek hizkuntza bat ikasten dute, eta beste batzuek bat baino gehiago. Edonola ere,  hizkuntza bera ikasteaz gain, horiei lotutako balioak, gizarte arauak eta jokaerak ere barneratzen dira. Horri hizkuntza sozializazioa deitzen zaio.

Helduek bezala, haurrek ere eguneroko bizitzako edozein egoera baliatu dezakete hizkuntzaz jabetzeko: dela familian, eskolan, edota plazan… Xehe aztertuta, hauexek dira umeek hizkuntzak ikasteko eta erabiltzeko espazio edo egoera nagusiak:

  • Familia: Hizkuntza sozializazioan funtsezko papera du familiak. Gurasoak dira umearentzat eredu eta umeek bere egiten dituzte aita-amen hizkuntzekiko jarrerak. Hori kontuan harturik, beraz, hainbat erabaki hartzen ahal dira euskarari garrantzia emateko, honakoak kasu. 
  • Eskola: Haurren bizitzan eskola oso inportantea da. Hala ere, pentsatu ohi dena baino denbora gutxiago pasatzen dute umeek eskolan: esna dauden denboraren % 15 bakarrik, urte osoa kontuan hartuta. Gainerakoa (% 85), bestelako espazio edo egoeretan pasatzen dute.  Baina egia da, eskolako edukiak eta bestelako balioak eskuratzearekin batera, bertan euskara ikasten eta hobetzen dutela. 
  • Eskolaz kanpoko jarduerak: Umeek, oro har, ongi pasatzen dute jarduera hauetan. Gainera, euskaraz eskaintzen diren eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzea tresna hobezina da aurretik eskuratutako gaitasun linguistikoak garatzeko eta, bide batez, modu informalagoak bereganatzeko.
  • Lagunartea: Umeek, haurtzaroan aurrera egin ahala, gero eta lotura handiagoa dute adinkideekiko. Lagunartean, denek euskaraz eta gaztelaniaz baldin badakite, zein hizkuntza erabili hautatu dezakete helduen esku-hartzerik gabe (guraso, irakasle, hezitzaile, entrenatzaile…)
  • Musika, marrazki bizidunak, ipuinak…:Asko dira euskaraz eskaintzen diren kultur proposamenak. Hauek oso mesedegarriak dira hiztegia aberasteko, adierazkortasuna irabazteko edo ahoskera hobetzeko.  Gainera, umeak euskarazko kultur sorkuntzekin harremana izateak etorkizunean euskaraz ari diren erreferenteak izatea ekar dezake.

Beraz, umeak eguneroko zeregin guztietan euskaraz eroso eta ziur aritzeko, komeni da hizkuntza sozializazioa gertatzen den esparru edo egoera gehienetan euskarak presentzia nabarmena izatea.

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat