Udaberria aro aparta da umeekin aire librean planak egiteko eta naturarekin harremanetan egoteko. Haur askok animaliekiko, intsektuekiko edo landareekiko erakarmen handia izaten dute. Nork ez ditu gogoratzen haurtzaroko egunak landareekin eta zomorroekin jolasten? Zomorroak euskaraz izendatzeko aberastasun handia du euskarak, hona hemen izen eta atribuzio adibide batzuk.
Katalingorri
Bere koloreengatik zomorro deigarrienetako bat da katalingorria. Bizkaian marigorringo izena du, Gipuzkoan amonamantangorri, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herriko zati handi batean kattalingorri. Beraz, emakume izena du kasu guztietan (Mari, Katalin, amona…). Adibidez, Katalin izena erabiltzen da Iruñean, katalingorri Baztanen eta Zaraitzun, eta kattaringorri Izarbeibarren, Oltzan eta Goñibarren. Beste intsektu batzuekin gertatzen den bezala, eguraldia iragartzeko ahalmena eman zaio. Horretarako, hatz erakuslearen puntan jarri behar da, eta Zaraitzun eta Baztanen erabilitako esamolde baten bidez, zer eguraldi eginen duen galdetu: “kattalin gorri, bihar euri ala eguzki?”. Hegan ateratzen bada, euririk ez du eginen, baina geratzen bada, euria botako duen seinalea izanen da.
Jainkoanollo
Tximeleta du izena Gipuzkoan, eta pinpilinpauxa Lapurdiko kostaldean. Nafarroan lotura du jainkoarekin, jainkoanollo deitzen baita Luzaide, Goñibar, Oltza, Txulapain eta Zaraitzun. Erronkarin berrionzale du izena, haren agerpenak albiste onak baitakartza. Horrez gain, pitxita, matxite edo atxitamutxita deitzen da Sakanan, txitxipan Ameskoan eta atxanini Artzibarren. Izarbeibarren eta Zaraitzun, berriz, txori baten antza ikusten diote, palometa eta aiñari deitzen baitute hurrenez hurren.
Saltalari
Ematen dituen jauzi ikusgarriengatik ezaguna da. Euskal kulturan genero maskulinoa eman zaio maiz (Martin, Matxin, Periko, Patxi). Bizkaian saltamatxinoa edo matxinsalto da, eta Gipuzkoan matxinsalto, saltaperiko edo patxisalto. Nafarroan, oro har, saltalari deitu izan zaio, baina izen ezberdinak hartzen ditu ibarraren arabera. Adibidez, martinsaltokalai da Sakanan, martinsalto Goñibarren, saltaporrai Izarbeibarren eta saltarin Artzibarren. Zaraitzun, aldiz, brinkoka, saltari eta zirrikamandika da, eta txirrinapantika, xailtulare edo zauzkari Erronkaribarren.
Inurri
Txikia eta nekaezina da. Beharbada, horregatik, haurren munduarekin oso loturik dago. Oro har, Bizkaian txinurri deitu izan zaio, Gipuzkoan txingurri eta Ipar Euskal Herrian xinaurri. Nafarroara etorrita, txinurri edo txiñurri deitzen zaio Auritzen, Artzibarren, Oltzan, Iruñerrian, Elortzibarren, Izarbeibarren, Orbaibarren, Mañeruibarren, Gesalatzen eta Goñibarren, eta inurri edo iñurri Ameskoan, Izarbeibarren, Zaraitzun eta Erronkarin. Gainera, inurri hegadunari anderete (andereño) esaten zaio Lizarraldean, Izarbeibarren, Orbaibarren, Iruñerrian eta Erronkarin. Esaera zahar baten arabera, inurriak irteten badira, euria 24 orduren buruan botako du.
Ipurtargi
Gaueko protagonista da. Kakalardo mota horri ipurtargi esaten zaio ia leku guztietan. Hala ere, Baztanen jainko-txakur (Jainkoaren txakurra) izena du, eta Ultzaman jainkoansagarra (Jainkoaren sagarra). Beraz, jainkoanolloa bezala, ipurtargia ere dibinitatearekin loturik dago.
Armiarma
Bizkaian marasma deitzen zaio, Gipuzkoan eta Nafarroan armiarma, eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan lipu edo anharba. Zomorroak, baina, beste aldaera batzuk ditu Nafarroako geografian barrena. Adibidez, armimau da Oltzan, Arakilen, Ultzaman eta Goñibarren, argirumai Izarbeibarren, ardanbilo edo armimaro Erroibarren, Esteribarren eta Artzen, imirramu edo mirrimarran Burundan eta aiñaborma, añaberba, añamarma edo añabarbarin Erronkarin eta Zaraitzun. Tradiziozko usteen arabera, armiarma beltz bat bere saretik jaisten denean, euria dator.
Eta gaiari estuki lotuta dago Xomorroak izeneko antzezlana. Hemen entzun daiteke Fermin Muguruzak antzezlan horretarako 2004an sortu zuen soinu banda dibertigarria.