Seme alabei euskaraz esperientzia politak eskaintzeko ez da bidaia handirik edo plan korapilatsurik antolatu behar. Nafarroan baditugu abentura bikainak eskaintzen dituzten herriak, istorioak eta proposamenak, batzuk gainera, familia giroan bizitzekoak. Horietako bat Baztanen dago, Amaiurren hain zuzen ere.
Amaiur ezagutzeko “Street Escape” bat
“Amaiur Altxor Izkutua” street escape motako jokoa da, herriko kaleetan barrena egiten dena. Amaiurko karriketan gora eta behera ibili bitartean, duela 500 urte baino gehiago ezkutatutako altxor bat aurkitzeko arrastoak jarraitzen eta enigmak deszifratzen joan beharko dute parte hartzaileek.
Istorioak 1522. urtera eramango ditu parte hartzaileak. Amaiurko gaztelua erori ondoren, defendatzaileetako batek ihes egitea lortu zuen ezkutuko altxor batekin. Orain, mende batzuk geroago, hura aurkitzeko giltza izan litekeen pieza misteriotsu bat agertu da… eta enigma argitzea izango da jokalarien egitekoa.
Jolasak historia, ibilaldia, behaketa eta talde-lana uztartzen ditu, eta herriari bisita egiteko modu dibertigarria eskaintzen die haur eta helduei.
Jarduera hau 8 urtetik gorako haurrentzat gomendatzen da, nahiz eta nerabeek eta helduek ere asko gozatzen duten. Gainera, ez dago denbora mugarik eta, beraz, familia edo talde bakoitzak bere erritmoan egin dezake: zerbait hartzera geldituz, ingurua behatuz edo paseoaz lasai gozatuz.
Horretaz gain, euskara aisialdira hurbiltzeko modu natural eta erraza dira horrelako proposamenak: parte-hartzeak, entzuteak, pistak irakurtzeak edo esperientzia partekatzeak lagundu egiten du ikasgelatik kanpo hizkuntzaren erabilera normalizatzen, haurrei euskara modu desberdin batean bizitzeko aukera eskainiz: jolasari, abenturari, jakin-minari eta familia edo lagun taldeko planei lotuta.
Amaiurko misterio hau deskubritzeko QR kodeak eskaneatzeko konexioa duen telefono mugikorra eta paseatzeko eta pistak argitzeko gogoa besterik ez dira behar.
Herriko eskola laguntzeko proiektua
Proposamen honen beste ezaugarri polit bat zera da: jolasa Amaiurko eskolako jantokiko familiek antolatu dutela, berau finantzatzen laguntzeko. Parte hartzea, beraz, herria eta euskara bizirik mantentzen duen herri ekimena laguntzea ere bada.
Online erreserbak: https://calendly.com/escape-amaiur

Azkenik, “Udaberriko planak” eranafarroa.eus-en artikulu sorta bat da, hemen kontsultatu daitezke aurrekoak:
- Udaberriko planak I: Mendia eta Peru-Harri
- Udaberriko planak II: Ipuin-paseoak Estellerrian
- Udaberriko planak III: Kirola eta Natura
- Udaberriko planak IV: Kikilisalda
- Udaberriko planak V: Irulegiko Eskua
- Udaberriko planak VI: “Maiatza jasotzea”



