Etxeko txikiei ipuinak kontatzea zinez onuragarria da: besteak beste, lotura afektiboa indartzen du, barrura begiratzeko aukera eskaintzen die, eta hitzen esanahiak, irudimena eta jakin-mina sustatzen ditu. Ipuinak, finean, gozamena dira.
Eta berdina gertatzen da mendi ibilaldiekin. Familian ala lagunartean, lautadan edo gailurretan, bide luze ala motzetan… Osasuna eta askatasuna indartzen ditugu naturan kirola eginez.
Bada, zergatik ez biak uztartu? Ipuinak eta mendi ibilaldiak, biak batera. Hala, aukera bikaina izan daiteke ipuinak istorioa gertatzen den tokian bertan kontatu edo ikustea, haurrek bertatik bertara ezagutu dezaten, sinesgarritasuna eta magia ahurka irabaziz. Gainera, ibilbidean gabiltzala bertako paisaia eta toki-izenak probestuz, ipuinaren istorioa luzatu daiteke, bukaera aldatu… ala berritik asmatu.
Horregatik, artikulu honetan Aranguren ibarrean, Lizarraldean, Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan egiteko bideo-ipuin eta ibilbideak arkituko dituzue.
Aranipuinak
Arangurengo ibarrean 6 ibilaldi eta beste horrenbeste bideo-ipuin prestatu ditu Ventura Ruiz ipuin-kontalariak, toponimo, kokapen fisiko, fauna, flora eta historia errealetan oinarriturik. Mutiloan “Attuna kaska zuria”, Taxoaren “Peio eta otsoak”, Zolinan “Mari jainkosa”, Labianon “Akermendiko zaharra”, Arangurenen “Erleak eta lamiak” eta Ilundainen “Baso biziduna”.
Bideak bertze ipuin
Shinrin-yoku (“Oihaneko bainuak”) praktika japoniarrean oinarrituta, basoaren eta naturaren atmosferan murgiltzean datza. Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak 13 ibilbide eta bertze hainbertze ipuin agertzen diren liburuxka argitaratu du, oihanean murgiltzeko, natura sentitzeko eta bidenabar mitologiarekin amesteko.
Ipuin-txangoak Lizarraldean
Lurrari loturiko bideo-ipuinak eta txangoak Lizarraldean: Oteitza, Eraul, Arteta, Basaula, Ubagua eta Basaula. Txangoetarako proposamenak, zer ikusi, non ikusi bideo-ipuinak eta ideia osagarriak.
Lesakako Ipuin Ibilbideak
Lau ibilbide hautatu dira, eta horietako bakoitzarentzat ipuin bat sortu, inguruko ohitura, kondaira eta mitologian oinarrituta. Parte-hartzaileek jasoko duten liburuxkak ibilbide bakoitzaren azalpena, ipuina eta QR kodea ditu barne, baita ibilbide guztiak egiteko pasaportea ere. Ibilbide bat bukatzerakoan, Turismo Bulegora joan eta zigilu bat jasotzeko aukera izango dute. Adinaren arabera, 3 edo 4 ibilbide egin ondoren, Ipuin Esploratzailearen Diploma lortzeko aukera izango dute.



