ARG: Aranzadi Zientzia elkartea
KANPOAN

Zerua lapurtu al dute? Ez! Eguzki eklipsea heldu da

Uda honetan familiek aukera paregabea dute naturako bi ikuskizun berezi ikusteko: eguzki eklipse osoa eta pertseiden izar-euria.

Azkenaldian hainbestetan aipatu den eklipsea iristear da. Ilargiak eguzkia estaliko du osorik, eta horrek sortuko duen iluntasunak izarrik gabeko gaua utziko du une batez. Momentu ezin hobea begiak lurretik altxatu eta zerura begiratzeko.

2026ko abuztuaren 12an izanen da hori, eguzki-eklipse osoa gertatuko den egunean, eta Euskal Herriko hainbat txokotan ikusiko da. Gehienez ere 1 minutu eta 27 segundo iraunen du eta eklipse partziala 19:30ak aldera hasiko da eta osoa 20:28 aldera. Euskal Herria zeharkatu zuen azken eguzki eklipse osoa 1905eko abuztuaren 30ean izan zen. Une oso berezia bizitzeko aukera beraz, bakarka, tontor batean, kuadrillan… hori bai, ez ahaztu eklipseetarako betaurreko egokituekin begiratzea, oso arriskutsua baita eguzkitarako betaurreko arruntekin egitea.

Zerua behatu, eklipserako prestatu

Ez da nolanahikoa fenomenoa hau, ez da halakorik ikusi 121 urtean; ez da harritzekoa, horregatik, han-hemenka eskaintzen ari den informazio andana. Nafarroako Gobernuak eta zenbait erakundek, esaterako, Eklipse proiektua sortu dute eta Eusko Jaurlaritzak ere webgune bat prestatu du jakingarri interesgarrienak herritarren eskura jartzeko: non ikusi ahal izanen den (herrien zerrenda), hasiera, amaiera eta iraupenaren xehetasunak, nola jokatu behar den zerura begiratzerakoan…   Eguzki-eklipse hau ez da berdin ikusiko lurralde osoan. Kokapenaren arabera, eklipsea partziala edo osoa izanen da, eta osotasunaren iraupena ere desberdina izanen da. Kontsultatu webguneko bilatzailea zure herrian ikusiko den jakiteko.

Eklipsearen esperientzia euskaraz izaten laguntzeko prestatu da baliabideen kutxa hau:

Orohar eklipseei buruz gehiago jakin nahi duenarentzat, eta bereziki familientzat, Aranzadi zientzia elkarteak Eklipseak liburua argitaratu du. Virginia Garcia astronomoak idatzi du Karmele Gorroño ilustratzailearekin elkarlanean. Eklipseak modu errazean azaltzen dituzte eta betaurreko homologatuak dakartzate. Ez al zaizue opari polita iruditzen?

Bestalde, Aranzadik eta Katxiporretak Zerua lapurtu dute webgunea prestatu dute, eta bertan material didaktikoa, abestiak, eskulanak… topatuko dituzue, den-denak astronomiari lotuak.

Txikiekin eskulanak, dantzak, musika eta ipuina:

Koxkorragoekin eguzki-eklipse maketa edota nebulosa bat sor ditzakegu.

Eklipsetik harago, gaueko zerua eta pertseidak:

Zuek zeuk kontatu: Itzaina bere idiekin

Gaur egungo konstelazioak nazioartean onarturiko estandarrak dira, baina, nola deitu izan diegu euskaldunok zeruan ikusten genituen izar multzoei? Jarraian Udako zerua artikulutik hartutako Zuberoako kontakizuna. Identifikatzen al duzue konstelazioa? Animatuko al zarete zuen txikiei istorioa kontatzen konstelazioa erakusten diezuen bitartean? Oharra: konstelazio hau iparraldera ikusiko dugu, ortzimugan oso behean.

Kontakizun hau bildu eta gorde bada ere, gutxi dira idatzizko iturrietan ahozko tradiziotik jaso diren izarren istorioak eta konstelazio izenak: antzinako euskaldunek “Hartz Handia” edo “Gurdia” beharrean “Zazpi Lapurrak” edo “Itzaina bere idiekin” ikusten omen zituzten, eta Pleiadeak izar-kumuluan “Oiloloka bere txitekin” irudikatzen zuten. “Hiru Izarrak” konstelazioaren izena ere jaso da, baina ez dago garbi zeri egiten dion erreferentzia: Vega, Deneb eta Altair izarrek uda osoan marrazten duten hiruki ikusgarriari, agian? Bilatuko al duzu hiruki ikusgarria eklipsearen gauean?

Azkenik, uda izanik, denborapasa egin nahi? Astronomia hiztegia lantzeko letra zopa:

  1. Gauez ikus daitezke hobekien, milaka argitxo zeru ilunean.
  2. Pluton eta Ceres zer nolako planetak dira? Planeta xxxxx.
  3. Izarren modukoak badira ere, argitxo hauek bizkor mugitzen dira zeruan eta berehala desagertzen dira, batzuetan argi-diztira handi batez. Honakoak izar xxxxxx dira!
  4. Gure zeruko izarrik distiratsuena… ez du parekorik!
  5. Gure bidaidea, kraterrak bistan ditu!
  6. Askotarikoak izan daitezke, baina astro batek beste bat «estaltzen» duenean gertatzen den fenomenoa da. Esaterako, Eguzki-xxxxxx o edo Ilargi-xxxxxx.
  7. Izar-jarioa edo izar-xxxxxx.
  8. Planeta hau eguzkitik gertuen dagoena da, bai eta metal baten izena ere.
  9. Venus edo xxxxx.
  10. Planeta hau ez al zen “Itsasoa” deitu beharko?
  11. Planeta gorria.
  12. Planeta erraldoiena.
  13. Eraztunen jauna… eta ez da pelikula.
  14. Azken aurreko planeta.
  15. Zortzigarren planeta.
  16. Izar honek iparra aurkitzen laguntzen digu.
  17. Hartz Handiari honela ere esan zaio euskaraz: “Zazpi xxxxxxx”.
  18. Pleiadeen izar-multzoari honela ere esan zaio euskaraz: “xxxxxxxxx bere txitekin”.

Sakatu hemen letra-zopako erantzunak ikusteko:

1. izarrak
2. nanoa
3. uxoak
4. eguzkia
5. ilargia
6. eklipsea
7. euria
8. Merkurio
9. Artizarra
10. Lurra
11. Jupiter
12. Saturno
13. Urano
14. Neptuno
15. Iparrizarra
16. Lapurrak
17. oiloloka

CC BY-SA 4.0