ETXEAN

Irakurtzea, a zer plazera!

Bizitzako plazer handienetako bat da irakurtzea. Liburuek hamaika mundu eta egoeratara garamatzate, eserlekutik mugitu gabe. Barrea edo negarra eragiten digute, ametsen eta irudien munduan murgiltzen gaituzte…. Azken finean, eleberriek zerbait sentiarazten digute. Modu batera edo bestera, bizitza bera ikus daiteke liburuetako istorioetan, dela abenturazko istorioa, dela maitasun istorioa… Horregatik, bizitzari buruz pentsarazten digute eta gogoetara bultzatu.  Ez al da, bada, irakurtzea kulturaren oinarri?

Badakigu irakurtzea zeinen onuragarria den seme-alaben garapenerako: hizkuntza aberasten laguntzen du; kontzentratzeko gaitasuna eta memoria handitzen ditu; eskolako errendimendua indartzen du; irudimena, afektibitatea eta enpatia sustatzen ditu; eta hamaika bertute gehiago ditu. Laburbilduz, irakurtzeak haurrak hazten laguntzen du, bere zentzu zabalenean. Euskaraz eginez gero, gainera, hizkuntza sendotzeko balioko dio baita hizkuntzaz gozatzeko ere,  izan etxe euskaldunekoa zein ez horren euskaldunekoa.

Seme-alabekin tarte eta une atsegin asko igaro ditzakegu familia giroan, esku artean  liburu bat dugularik.

Baina batzuetan ez da erraza irakurtzeko ohiturak sustatzea, batez ere,  moduarekin asmatzea garrantzitsua delako. Gauza guztiekin bezalaxe, zeregin honekin ere komenigarria izaten da zer egin dezakegun jakitea, eta, are gehiago, zer ez dugun inoiz egin behar. Ondoko gida lagungarri gerta dakizueke.

 

 

BAI

  • Egunero irakurtzeko tartea gordetzea.
  • Gogoa piztea, edozein une eta egoeratan irakurtzeko aukera eskainiz.
  • Eredua izan.  Zuk irakurtzen baduzu, hark ere irakurriko du.
  • Proposatu, iradoki eta askotariko aukerak eskaini.
  • Kontuan hartu bere gustuak. Egiten dituen galdera eta iruzkinetan erreparatu eta jakinen dituzu bere gustuak. Horrela, liburu edo irakurgai egokiak aukeratu ahalko dituzu.
  • Lagundu irakurtzen ari den bitartean, eta konpartitu irakurritakoa. Hala, biek gozatuko duzue.
  • Irakurri haur txikitxoei, ozen eta keinuez lagunduta, irakurketa errealago izan dadin.
 

EZ

  • Liburua tortura-tresna bilakatzea, atseginak ez diren zereginak eskatuz (hiztegia lantzea, ariketak edo laburpenak egitea…) edo zigor bezala erabiltzea (logelara irakurtzera bidaltzea).
  • Haurrari esatea lehen haurrek gehiago irakurtzen zutela, frustrazioa eragiten du eta.
  • Haurrek entretenimendu gehiegi dituztela pentsatzea. Gauza guztiak bezalaxe, lehentasun kontua da.
  • Umeari irakurtzea gustatzen ez bazaio, errua berari egoztea. Aztertu zergatik gertatzen den eta bilatu irtenbideak (zerrenda honetaz baliatu).
  • Beti estilo bereko liburuak eskaintzea. Haurrek (eta helduek) oso gustu ezberdinak ditugunez, ahalik eta aukera gehien eskaini behar da irakurketa kuttunak aurkitzeko.
  • Irakurtzera behartzea, kontrako efektua lortuko duzu eta.

 

Eta nondik hasi edo zer aukeratu ez dakienarentzat, Galtzagorri elkarteak bere web-gunean liburu sorta luzea eskaintzen du, zenbait kategoriatan banatuta: nobedadeak, ezinbestekoen zerrenda, urtero argitaratutako hoberenak, adinaren araberakoak… Zeuek aukeratu, eta gozatu istorioekin!