ARG: Irauli
Irauli elkartea
KANPOAN

IRAULI, Iruñean loratu den euskararen gune sozial berria

2025eko udazkenaz geroztik martxan da Irauli elkartea, familiei eta euskal komunitateari aisialdirako jarduerak eskaintzen dizkien gunea.

Iruñeko Gazteluko Plazan kokatua, euskara erdigunean jartzen duen irabazi asmorik gabeko elkarte berria da Irauli. Azpiegitura sozial irekia, hiriaren bihotzean familiei jarduera eta zerbitzu anitzak eskaintzen dizkiena.

Bertan antolatutako ekimenen bitartez, hiztunen sarea trinkotu eta euskarari ikusgarritasuna eta zentralitatea ematea da asmoa. Honekin batera, etxeko hizkuntza ohituretan eragitea ere bada xedea. Euskaraz eta euskararen inguruan sortutako esperientzia kolektibo bat da, esperimentaziorako eta hausnarketarako gunea.

“Hiri buruzagia loratzen” lelopean, besteak beste, honako jarduera motak antolatzen dira: yoga familian, lego tailerrak, mintzapraktikak, ipuin kontalariak, musika tailerrak, arte laborategiak… dena euskaraz. Batzuk, aste barruko ekintzak dira, lokal barruan (0-3 urtekoentzako psikomotrizitate jarduerak…) zein kanpoan (jolasak, dantzak…) garatzen direnak. Beste hainbat berriz, asteburuko jarduera puntualak dira. Doakoak zein ordainpekoak izan daitezke. Kasu honetan, elkarteak bazkideentzako prezio bereziak eskaintzen ditu. Honekin batera, profesional euskaldunek haien jarduerak eskaintzeko eta aurrera eramateko espazioa ere bada bertan.

Jakina den bezala, seme-alaben euskarazko heziketa ez da eskola garaira mugatzen eta bide horretan, berebiziko garrantzia dute aisialdiko euskarazko jarduerek, hain juxtu gustuz eta motibazioz egiten diren horiek.

ZERTARAKO, BADA, IRAULI?

  • Familiei euskara erdigunean jartzen laguntzeko.
  • Eragile euskaldunek (banako profesionalek, elkarte edo entitateek) haien ezagutza eta jarduerak eskaintzeko.
  • Hiztun komunitatea trinkotzeko: egoera berean edo antzekoan egon daitezkeen pertsonek elkar ezagutzeko.
  • Familia barruko zein eskolako euskalduntze prozesua indartzeko.
  • Egungo teoria soziolinguistikoen gainean hausnartzeko.

 

Iruñeko Gazteluko Plazako lauzak altxatu dira, bertan euskararen hazia erein eta loratzeko!

CC BY-SA 4.0