Motibazioa zerbait egiteko indarra da, modu sinple batez esanda. Helduon motibazioaren atzean luzaro hausnartutako erabakiak egon daitezke, baina haurren kasuan ere hala da? Jakina, haurrek badakite zer nahi duten, zer lortu nahi duten, baina hausnartutako arrazoiak baino, bizi diren ingurunean egokitzeko gogoa da egiten dutenaren motor nagusia. Hau da, haurrak egokitzaile peto-petoak dira. Beraz, hizkuntzen kasuan, bizi diren inguruneko baldintzek euskaraz egitera bultzatzen baldin badituzte euskaraz eginen dute eta gaztelaniaz, aldiz, baldintzak gaztelaniaz egitearen aldekoak badira.
Kontuan hartu behar da eguneroko komunikazioan hiztunon helburu nagusia ez dela entzuleei pentsamendu edo ideia burutsuak jakinaraztea, inporta zaizkigun pertsonekin harreman sare sendoa eraikitzea eta horretan gure lekua aurkitzea baizik. Azken hori lortzeko, txikitatik ikasten dugu gure inguruan indarrean diren arau eta baldintzekin bat egitea bezalakorik ez dagoela. Hala gertatzen da, kasu honetan bai, hiztuna haurra edo heldua izan.
Beraz, haurrek euskara erabil dezaten, euskara hautatzera eramanen dituzten baldintzak behar dituzte, horiek baitira haien motibazioa. Geroago, nerabezaroan edo gaztaroan, helduko dira euskararekin duten harremanari buruz hausnartzera eta, horren ondorioz, etorkizunean hiztun gisa lortu nahiko dituzten helburuak irudikatzera. Bitartean, hizkuntzarekiko atxikimendua sendo haz dadin, haurren motibazioaren triangelua lantzea da egin dezakegun gauzarik eraginkorrena:
-
- Harremanak euskaraz eraikitzeko gaitasuna; batez ere, mintzatzeko erraztasuna.
Euskara harremanak egiteko tresna eraginkorra izan dezaten lortu behar dugu; izan ere, ez dago gauza motibagarriagorik inporta zaizkigun harremanetan arrakastaz komunikatzea baino. Euskaraz egiteko erosotasuna lortzeko, txiki-txikitatik euskararekin kontaktuan egoteko aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu, praktikaren bidez soilik ikas baitaiteke egoera eta testuinguru bakoitzean egokia den esateko modua edo hizkuntza baliabidea.
- Harremanak euskaraz eraikitzeko gaitasuna; batez ere, mintzatzeko erraztasuna.
-
- Hizkuntzarekin lotutako bizipenen bilduma aberatsa.
Badakigu euskara ikasgai bat besterik ez izatea ez dela hizkuntzarekin harreman osasuntsua eta pozgarria eraikitzeko modua. Eskolan bertan eta, batez ere, eskolatik kanpo, haurrek gustukoak dituzten gauzak euskaraz egiteko aukera izan behar dute. Zer dute gustukoa? horixe eskaini euskaraz.
- Hizkuntzarekin lotutako bizipenen bilduma aberatsa.
-
- Euskararen ekosistema osoa eskura jarri.
Euskara ezin da azala soilik izan, mamia ere behar du. Adinaren arabera egokitutako kultur eduki eta erreferenteak ez dira ikaste prozesuaren apaingarria, hiztunaren premiazko eta oinarrizko alderdia baizik. Kulturak sormena pizteko lehengaiak ematen ditu eta sormen gaitasuna ezinbestekoa da hiztunarentzat.
- Euskararen ekosistema osoa eskura jarri.
Labur esanda, motibazioaren triangelua landuz gero, kulturak eskaintzen duen ekosistemak eta euskaraz bizitako esperientziek zentzua emanen diote eskolan ikasitakoari eta gehiago ikasteko gogoa elikatuko dute. Eroso mintzatzeko gaitasunak, berriz, ezinbesteko komunikazio-eraginkortasuna gehituko dio prozesu osoari.
CC BY-SA 4.0