Gazteak euskararen sorkuntzan murgiltzeko proiektu eder askoak daude Euskal Herrian barrena, eta horietako bat da Jaso Musikala, Iruñeko izen bereko ikastolak sortutakoa. Aurtengoa 13. edizioa da.
DBH1etik DBH4ra bitarteko gazteak dira musikaleko protagonistak, eta inguruan laguntzaile dituzte irakasleak, gurasoak eta ikasle-ohiak ere. Ikasle horiek beraiek adosten dute musikalaren gaia, gidoia, abestiak, letrak, koreografiak, eszenografia eta abar. Gainera, oholtza gainean orkestra propioa dute. Proiektu honen bidez arte eszenikoetara gerturatzen dira gazteak, haien sormen aktiboa, autonomia eta talentu artistikoa sustatuz.
Edizio honetako ikuskizunak “Itzalpean” du izena eta kazetaritza-agentzia batean kokatzen ditu gazteak. Zuzeu agerkarian adierazi bezala: “Hauteskunde-prozesu batean izandako manipulazio politikoa abiapuntu hartuta, zilegi al da gezurra erabiltzea egia defendatzeko? galderaren inguruan eraikiko dute kontakizuna.”
Maiatzean Barañainen estreinatu zen, eta orain Tutera, urriak 3, eta Iruñaren txanda izanen dira, urriak 9 Baluarte eta abenduak 2 Geltoki.
Musikalaren esperientziaz gehiago jakiteko, Unaxekin eta Nahiarekin elkarrizketa egin dugu irailaren amaieran, entsegu baten aurretik. Unax (14 urte) DBH 3. mailan ari da eta Nahia (15 urte) DBH 4. mailan ari da.

Nahia eta Unax. Jatorrizko argazkiak: Mikel Legaristi
Zenbait adituren ustez bigarren hizkuntzan ari garenean erreflexiboagoak omen gara: erantzun hotzagoak eta arrazionalagoak ematen ditugu. Lehen hizkuntzan ari garenean, aldiz, alde emozionala nagusitzen da. Jaso Musikala zer da gehiago, ekintza erreflexiboa edo emotiboa zuentzat?
Unax: Niretzat ziur aski emozionala da.
Nahia: Niretzat ere bai. Azkenean musikala emozio handia da, eskenatokian eta kanpoan, lagunak bezala, familia bezala, eta azkenean gehiago da emozionala.
Euskarara gerturatzeko bidean lagundu dizue, edo ez duzue alderik nabaritu?
Unax: Bai, azkenean euskaraz hitz egiten ari zara, euskarazko emanaldi bat egiten eta azkenean horreklaguntzen dizu euskarara hurbiltzen.
Nahia: Eta batzuetan ez daukagu ohiturarik… ohitura handia daukagu euskaratik-erdarara pasatzeko, di-da batean. Eta musikalean uneoro ari gara esaten ‘euskaraz hitz egin behar dugu’ ze azkenean proiektu hau horregatik da, euskara maite dugulako, eta uneoro pentsatzen ari gara euskara dela gauza garrantzitsuenetakoa proiektu honetan eta errazagoa da gure artean euskara hitz egitea.
Noiz hasi zineten musikalarekin eta noiz arte arituko zarete?
Nahia: DBH 1. mailan hasi nintzen eta honakoa nire azken urtea izango da, DBH 4. mailan amaitzen baita. Gerora ere, badugu beste modu bat jarraitzeko, ikasle ohia zarenean laguntzaile gera zaitezke musikalean.
Unax: Honakoa nire bigarren musikala da, eta orain buru belarri nabil datorren denboraldikoa ere prestatzen. Gero ez dakit segituko dudan, laguntzen geratuko naizen, pentsatuko dut.
“Ahalduntze” hitza ezagutzen duzue? (Biek ezetz) eta “empoderamiento”? (Baietz), ba gauza bera dira. Iruñerrian bizi zarete, emanaldian parte hartzeak lagundu dizue eskolaz kanpo euskara gehiago hitz egiten edo ez duzue nabaritu?
Nahia: Nire ikuspuntutik bai. Azken finean, musikalaren prozesua eta musikala bera euskaraz dira, eta nire lagunak etortzen dira ni ikustera, eta beraien lagunak ere musikala ikustera datoz, eta beraiekin guztiekin izaten ditudan elkarrizketak euskaraz dira. Gainera, zenbait pertsona musikalarengatik ezagutu ditut, eta nola musikalean bakarrik euskaraz egiten dudan, bada, haiekin ere euskaraz hitz egiten dut, bestela egingo ez genukeela uste dut.
Unax: Bai, eta baita familia-kideekin ere, azkenean bazoaz harremanak euskaraz egiten. Anaiek nire aurretik parte hartu dute musikaletan eta gure arteko ohiturak aldatu ditugu.

Nahia Itzalpean. Argazkia: Mikel Legaristi.
Animatuko zenituzkete belaunaldi berriak parte hartzera?
Unax: Bai, zalantzarik gabe, batetik, harremanak egiten dituzulako eta, bestetik, jendearen aurrean zailtasunak baldin badituzu hitz egiteko… bada, musikalean trebatuko zara. Azken batean, milaka pertsonen aurrean hitz egin behar duzu eta horrek laguntzen dizu jendaurrean hitz egiten eta baita jendearekin harremanak egiten.
Nahia: Nik berdina diot, eta nik uste musikala leku oso seguru bat dela, eta berezkoa duzun zure sormena lantzeko gunea ere bada. Eta leku oso polita eta maitasunez betea.
Fake news-en gaia lantzen duzue musikalean, horri buruzko zuen iritzia edo begirada aldatu duzue?
Nahia: Nire aldetik ez, baina orain ohartu naiz iruditzen zaigula informazio asko dugula, baina justu alderantziz da, desinformatuago gaude informatuta baino. Nik ez dut prentsa edo telebista ikusten, baina bai sare sozialak, hori bai.
Unax: Bai, azkenean teknologia berri honekin ez dakizu nork idatzi duen, egia ote den… benetan ez dakigu.
Zer da zuentzat, euskaraz hitz egitea? bakarra aukeratu eta zergatik? 1-Aukera bat; 2-Gurasoek/Eskolak esandakoa egitea; edo 3-errebeldia ekintza bat (gizartearekiko).
Nahia: Lehenbizikoa aukeratu dut euskara delako aukera bat: aberastasuna. Aberastun handia jendearekin hitz egiteko, kultura jakiteko, gainera izatea beste hizkuntza bat, aberastasun handia da gauza asko ematen dizkigu. Aukera, oportunitate, handia da.
Unax: Gurasoen eraginez, txiki txikitatik euskaraz egin dut, amak eman dit hizkuntza hau. Eman dit aukera, eta nire aitak ez zekien euskara eta hasi zen ikasten gurekin euskara hitz egiteko. Eta Ikastola ere bai, euskaraz hitz egitea txollo bat da, ez da gaztelania hitz egitea, beste hizkuntza berri bat hitz egitea da. Eta azkenean bi hizkuntza dituzu etorkizunean hitz egiteko, eta hori oso ona da.
Eta zerbait gehitu nahi duzue?
Bien artean: Bai, Imanolek esaten duenean gu garela protagonista nagusiak egia da, guk egiten dugu gidoia, guk erabakitzen dugu gaia, boto bidez, momentu horretan bizi dugun kezkatik abiatuta. Abestiak ere aukeratzen ditugu, letrak itzultzen, ze gehienbat musikal famatuen abestiak dira, ingelesez, eta aldatzen dizkiegu letrak gaiari egokitzeko. Euskal musika eta folklorea ere sartzen dugu ikuskizunean.
Prozesua maiatzean hasten da, udan atsedena hartzen dugu eta berriro ekiten diogu ikasturte hasieran, gidoia eginez. Hau da, Barañainen maiatzean estreinaldi bat egiten dugunean, hurrengo denboraldiarekin hasten gara. Beraz, orain Itzalpean obraren emanaldiarekin aritu arren, datorren ikuskizuna sortzen hasi gara.
Orduan, kazetarientzako informazio erakargarria duzue orain, ezta? Datorren denboraldiari buruzko informazioa.
(Biek aldi berean builaka!) Uiuiuiiii, ez, ez, ez, hori ezin da! Debekatua dugu baita etxean esatea ere. Gurasoek galdetzen dute, bai, baina top sekret da! Ez dakizu nola gordetzen dugun! 50 bat gara eta ez, ez da informazioa eskapatzen!
2015eko Jaso musikalaren bideo-klipa: Itzalpean.
Oharra: argazkien egiletza Mikel Legaristi / Jaso Musikala



