ETXEAN

Marrazki bizidunek euskaraz, haurrek ere bai

“Goiz goizetan egun on, eta gauetan gabon, ilargiko leihoan Nobita eta Doraemon” … zenbatetan entzun ote dugu etxeko telebistan kantu honen hasiera hau?
Edo, Hirukiak ataletako sorgina haserre mintzatzen “arraioa, zer da hori?…Inozo halakoa!” esanez?
Eta ohartu zarete seme-alaba zaharxeagoak nola egoten diren Sam, Alex eta Clover: Berebiziko espioien  abenturak jarraituz, telebistako pantailara itsatsita?

Marrazki bizidunak adin guztietako haurrek maite dituzte, denbora-pasarik gustukoena da askorentzat, gainera.

Ikerketek diotenez aisialdiaren denbora erdia telebistaren aurrean pasatzen dugu ikusleok, txikienek ere bai. Izan ere, haurrek beharrezkoa dute fikzioaren mundua, eta horrekin batera imitatzea. Adituen esanetan imitazioa funtsezko elementua da umeen heziketa prozesuan. Ikusi eta entzuten dutena errepikatzen dute. Telebistaren kasuan, pertsonaia gustukoenak gazteleraz entzuten badituzte, gazteleraz ariko dira haiek ere. Aldiz, euskarazko marrazki bizidunak eskaintzen badizkiegu hizkuntza horretan jasoko dituzte animazioetako heroien bizipenak, horrela seme-alaben ahozko hizkera sendotuz.  

Jakina da telebista tresna boteretsua dela, eta hizkuntzen garapen eta normalizazio prozesuetan eragin dezakeela. Komunikazio ohiturak ere finkatu ditzake, hala nola hizkuntza formula berriak indartu eta normalizatu, esamolde eta kontzeptu berriak ikasiz. Eta bide horretan laguntzeko oso egokiak dira marrazki bizidunak.

Gaur egun aukera zabala dago: batzuk kanpotik ekarritako atalak dira eta beste batzuk bertako ekoizpenak dira. Horietako asko ETB3 haurrentzako euskarazko telebista katean daude jasota. Gainera marrazki bizidunak emititzeaz gain gaztetxoentzako telesailak ere ematen dituzte.

Nafarroan, etengabeko eskaeren ondoren, herri askotan ikus daiteke ETB3. Hala ere, badira etxeak oraindik, seinalea iritsi ez dena. Kasu horietan internet bidez sartu daiteke ETB3ra.

Euskarazko marrazki bizidunak ikusteko hemen dituzue lotura interesgarri batzuk:

http://www.euskal-encodings.com/smf/
Euskarazko marrazki bizidunak, haur eta gazteentzako filmak eta kirol ikuskizunak doan jaisteko aukera. 200 marrazki baino gehiago eta haur eta gaztetxoentzako 500 filmetik gora.

http://www.eitb.eus/eu/hiru3/
ETB3 kateak haurrentzako programazioa eskaintzen du euskaraz. HIRU3n ikusgai dago programazio osoa: marrazki bizidunak, bideoak eta jolasak euskaraz, adinaren arabera sailkatuta.

Hiru3 aplikazioa
Mugikorretarako eta tableterako aplikazioa. Bertan ikusgai dago ETB 3-ko programazio osoa: marrazki bizidunak, bideoak eta jolasak euskaraz, adinaren arabera sailkatuta.