ARG: Pixabay/svklimkin
neskatilak sormena lantzen _ microrrelatos
BALIABIDEAK

Mikroipuinak, idazketan trebatzen hasteko pizgarri

Idaztea eta irakurtzea oso onuragarria dela esan izan da maiz. LHko irakasle batzuek diotenez, ordea, gaur egun gutxi  idazten eta irakurtzen dute neska-mutikoek. Gainera, ohitura falta horren ondorioz gero eta akats gehiago egiten dituztela ohartarazi dute. Horregatik, beharrezkoa ikusten dute egoera horri buelta ematea, eta idazketaren eta irakurketaren onuretan eragitea.

Zergatik da hain garrantzitsua?
Besteak beste, bestelako gaitasun batzuk landuko eta barneratuko dituztelako irakurketari edo idazketari esker. Sormena landuko dute esaterako. Eta sormenezko idazketaren ondorioz irudimena landuko dute, azkarrago ikasiko dituzte kontzeptu berriak, hiztegi aberatsagoa edukiko dute, baita hizkuntzaren gaineko ezagutza handiagoa ere.

Arrazoi gehiago?

  • Lexikoa aberasten da: idazketaren bidez haurrak emozioak adierazteko hitzen bila hasten dira, askotan egunerokoan erabiltzen ez dituztenak. Era berean, ez dituzte esaldi soilak idazten, baizik eta istorioak. Beraz, esaldien arteko koherentzia zaintzen ahalegintzen dira. Horrek ahozkoan zuzeneko eragina du.
  • Emozioak deskribatzen dira eta hori oso mesedegarria da haurren adimenerako, baita emozioen kudeaketarako ere.
  • Enpatia garatzen da. Pertsonaiak eraiki ahal izateko haurrak besteengan pentsatzen hasten dira: nola bizi diren, zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten…
  • Irudimena lantzen da: istorio bat asmatu behar dute, pertsonaiak eraiki, dena girotu…
  • Ordena garatzen da, baita ideiak argi adierazteko gaitasuna ere. Izan ere, haurrek beraien istorioak kontatzeko sekuentzia batean idatzi behar dute eta horri esker ideiak antolatzen eta modu argian adierazten ikasten dute.
  • Ortografia hobetzen da.

Etxean nola landu?
Haurrak idaztera animatzea oso garrantzitsua da. Bide horretan literatur lehiaketak pizgarri polita dira. Irizpide eta ezaugarri askotarikoak daude, eta zaletzeari begira mikroipuin lehiaketekin hastea aproposa izan daiteke, gisa horretako sariketetan istorio laburrak osatu behar direlako.  Haur zein gaztetxoentzako hainbat lehiaketa daude. Hona hemen horietako batzuk:

Rikardo Ederra lehiaketa:  Mikroipuinak haurrentzat

  • Adina: LH3-LH6 mailetako haurrak
  • Gaia: Xamariko eta biok
  • Luzera: 100 hitz gehienez
  • Azken eguna: martxoaren 16a
  • Nora bidali: xamariko@gmail.com helbidera
  • Sariak: Abentura parkerako sarrerak eta liburu-dendarako opari txartelak.

Leitza-Goizueta-Aresoko ikastetxeetako sormen lehiaketa:

  • Adina: LHko haurrak
  • Gaia: librea
  • Luzera: adinaren arabera (LH1 eta 2koek 5 esaldi; LH3 -6koek gehienez 2 orrialde)
  • Data: apirilaren 14a
  • Saria: lan irabazleekin osatutako liburuxka eta hezkidetza liburuak

Larraungo eta Araizko mikroipuin lehiaketa

  • Adina: LH 5 mailatik Batxilergoko 2. mailako haur eta gaztetxoak
  • Gaia: librea
  • Luzera: ez dago zehaztua
  • Data: azaroan
  • Saria: 40 euroko bonoa materialean gastatzeko

Larraunen eta Araitzen antolatzen den mikroipuin lehiaketako iazko irabazleetako baten lana da segidako hau, “Amaiatxu” goitizenez sinatu zuen LH 5. mailako Araizko ikasle batena, hain zuen ere:

EGUZKIA ETA ILARGIA

Egun batean eguzkia ilargiarekin maitemindu zen eta berarengana hurbildu zen.

Hurbildu zenean, kaixo esan zion, eta ilargiak, agur esan zion.

Oso triste jarri zen eguzkia, baina berriz saiatu zen ilargiarengana gerturatzen.

Oraingoan, ilargiak kaixo esan zion eta horrela sortu zen lehenengo eklipsea.

CC BY-SA 4.0