ARG.: nadinezarya-pixabay
Baliabideak

Musika: emozioen hizkuntza, hizkuntzaren emozioa

Eskuak mugitu, hitzak errepikatu, saltoka eta dantzan hasi, gorputza gora eta behera… abesti bat entzun eta askotarikoak dira haurren erantzunak, berezkoak eta oharkabean doinu horrek sorrarazi dizkienak, eta haien garapenean efektu positibo ugari ekartzen dituztenak.

Musika baliabide ezin hobea da umeen garapen pertsonal eta sozialerako: emozioak pizten ditu, mina arintzen du, lasaitu edo aktibatu egin ditzake. Halaber, gorputz adierazpena, mugimenduen kontrola eta koordinazioa hobetzen laguntzen die. Baina ez hori bakarrik,  hizkuntza bereganatzeko prozesuan ere garrantzi handia dauka: edozein kantutan melodia eta letra aintzat hartu eta entzundakoa gogoratuz, eta behin eta berriz errepikatuz, ikasten dituzte hizkuntza horren hitzak eta soinuen erritmoa, abestean gozatzearekin batera. Modu horretan hiztegia eta hizkuntza baliabideak  lantzen dituzte. Musika ikasteak, beraz, garapen kognitiboan,  mugimenduan, harremanetan, esparru emozionalean eta hizkuntzaren garapenean onurak ekarriko dizkie umeei.

Musika ikasketen ibilbidea musika eskoletan hasten da. Nafarroan, hainbat herritako musika eskoletan, berehala zabalduko da datorren ikasturterako izena emateko epea. Musika eskola horietan bada musika-hizkuntza eta taldekako bestelako ikasgaiak euskaraz ikasteko aukera. Hemen Musika eskolak Nafarroan duzue informazio guztia herrika.

Bestalde, eta behin ikasketa prozesu horretan murgilduta daudela, musika tresna aukeratzeko garaia ere iritsiko da eta ez da beti erraza izaten hautaketa egitea. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolek bideo sorta bat prestatu dute erabakia hartzen laguntzeko. Bideo motz hauetan espezialitate ezberdinen ezaugarri nagusiak aurkezten dituzte, irakasleen laguntzaz eta haurrentzat egokia den erritmo eta hizkuntzan: Erabakita! 

 

CC BY-SA 4.0