ARG: kulturklik
Oinak buruan
KANPOAN

“Oinak buruan”: haur eta gazteen euskarazko sorkuntzaren sustatzaile

“Oinak buruan” izenburupean ezaguna da Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Bertsogintzaz harago doan proiektua da ordea, aurtengoan 40. edizioa beteko duena.

Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 14-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da, gaztetxoen bertso jardunaren plazaratzea helburu duena. Aurtengo finala apirilaren 17an jokatuko da, 18:30ean, Leitzako gaztetxean, eta hamar bertsolari gaztek hartuko dute parte.

 

Normalean, txapelketako partaideak eskola orduz kanpoko bertso-eskoletan dabiltzan gazteak izan ohi dira. Dena den, bertsolaritzarekiko lehen hartu-emana, Lehen Hezkuntzan izaten da, 5. eta 6. mailetan. D ereduko ikasleek, bertsogintzako ordubeteko saioa jasotzen dute astero. Klase horien bitartez, euskararen ezagutzan, erabileran eta motibazioan eragiten da bete-betean. Beraz, ekimen honek bertsoa ardatz badu ere, askoz gehiago ere bada:

  • Gaztetxoek hizkuntzarekin jolastu egiten dute, ariketa desberdinen bidez.
  • Idatzizko eta ahozko baliabide linguistikoak lantzen dituzte bertsoak osatzen ikasteko.
  • Euskarazko kantutegia eta errimategia lantzen dituzte.
  • Gustuko gaiak jorratzen dituzte.
  • Euskarazko sormen ekintza izanik, euskara hutsean pentsarazten ditu ikasleak.

 

Ikastetxeetan zabaltzen den programa honekin hortaz, gaztetxoek ahozkotasunaren lanketa berezia egiten dute, modu ludikoan gainera. Horrek eragin zuzena du euskararen gaitasunen areagotzean, bai eta euskararekiko atxikimendu positiboan ere, Iker Gorosterrazu irakasleak ondorengo bideoan azaldu bezala.

Ikastetxean aritu ondoren, hainbat ikaslek, eskola orduz kanpoko bertso-eskoletan parte hartzeko pausua ematen dute. Hala, aisialdian ere euskara hutseko jardunean aritzen dira gazte asko eta asko, eta horren isla da Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa.

Leitzan beraz hitzordu berezia izango da ostiralean, familia giroan zein lagunartean euskararekin gozatzeko parada eskainiko duena.

CC BY-SA 4.0