Abenduaren 24arekin batera, Olentzeroren etorrera ospatzen da gure herri zein hirietan eta ohitura izaten da ikazkinari ongietorria kantuen bitartez egitea.
Gaur egun opariak etxeetan banatzen dituen pertsonaia gisa ezaguna bada ere, historialarien arabera jatorri paganoa izanen luke. Neguko solstizioaren ospakizunen baitan, Gabon eguneko kalejiraren ostean erre egiten zen Olentzero. Hala, zaharra desegin eta naturaren berpizkundea adierazten zen, urte berriari hasiera emateko. Olentzerok beraz, berritzearen ideia hau irudikatzen zuen. Izenari erreparatuta (Olentzero, Olantzaro, Onantzaro), “onaren garaia” esan nahiko luke. Ohitura paganoak galdu zirenean berriz, Olentzero, naturaren berrikuntzaren iragarle izatetik kristautasunaren mezuaren eramaile izatera pasa zen.
Euskal tradizioak kantu ugari ditu hori guztia jasoz eta ohitura da Gabon gaua baino lehen haur eta gurasoak elkartu eta horiek entseiatzea, Olentzeroren etorrera prestatzeko. Euskal tradiziotik tiraka, baina egungo moldaketak kontuan harturik, ERAk Gabon kanta sorta bat bildu eta bere baliabideen artean jaso du. Zerrenda aproposa da etxeko beroan nahiz lagunartean Olentzerori itxoiteko aldi hori arintzeko eta, bidenabar, Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria egiteko. Izan ere, gaur egun, emakumezko pertsonaia honek ere presentzia handia hartu du eta nonahiko karrika eta plazetan agertzen dira biak, Gabon gau iluntzean. Honekin batera, ikazkinaren inguruan sortutako hamaika istorio eta ipuin ere baditugu gure artean.
Negua hementxe dugunez, beraz, atera ditzagun oroimenaren kutxatik ipuin eta kantu horiek guztiak, eta gozatu dezagun!
CC BY-SA 4.0



