ARG.: Pixabay
Pantailak euskaraz
BALIABIDEAK

Pantailak euskaraz

Pantailek gure eguneroko bizitzan hartu duten pisua azaldu beharrik ez dago. Bistakoa da, eta egunetik egunera handitzen doala ematen du. Makina bat ordu ematen ditugu pantailen aurrean: telebistari, ordenagailuari, tabletari edo telefonoari begira. Eta haurrak hazi ahala, haiek ere gero eta harreman estuagoa eta biziagoa dute pantailekin.

Haur eta gaztetxoek pantaila horiek guztiak begiratzen dituztenean irudi asko jasotzen dituzte, noski, baina baita letrak eta audioak ere. Eta horiek, jakina, hizkuntza jakin batean etorriko zaizkie, informazio horrek guztiak hizkuntzaren bitartekaritza behar baitu.

Eta zein da gailu horietan hizkuntza nagusia gaur egun? Bada, erantzuna erraza da: gaztelania. Intuizioak hala esaten digu, ziur asko, baina egindako ikerketek ere hala erakusten dute. Gaztelania da nagusi, alde handiz: telebistako programazioan, telesailak ikusteko plataforma digitaletan, Youtube eta Tik-Tok bezalako sare sozialetan, jolasteko eta bestelako telefonoko aplikazioetan… Horietan denetan gaztelaniazko edukiak nagusitzen dira eta sekulako oldea osatzen dute, euskara bezalako hizkuntza gutxituak oso bazter utzita.

Horrek, jakina, eragina dauka. Haurrek beren bizitzako hainbat ordu “gaztelaniaz bizitzen” ematen dituzte, erreferentzia-mundu hori gaztelaniaz iristen zaie nagusiki, eta pantaila aurrean ez daudenean egiten duten euskararen erabileran ere eragina izan dezake eta badu.

ETA HORREN AURREAN, ZER?

Bada, bi ideia, labur azalduta: alde batetik, ahalegin egin daiteke eta egin behar da pantailen bitartez jasotzen dugun eskaintza horretan euskarari tokia egiteko.

Eta, bestetik, gaur egun euskaraz dagoen aukera baliatu daiteke; dagoen hori bilatu eta erabili, erdarazko eskaintzaren itsaso zabal horren ondoan dagoen euskarazko eskaintza ere ezagutuz eta baliatuz.

Bi bide horiek bultzatzen ari da Pantailak Euskaraz izeneko ekimena. Alde batetik, erakundeei eta bestelako eragileei edukiak euskaraz sortu eta zabal ditzaten eskatzen die, horretarako proposamen zehatzak eginez: euskarazko ikus-entzunezko sektorea diruz laguntzea; Euskal Irrati Telebista indartzea eta euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea; euskarazko streaming plataforma bat sortzea; streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia handitzea eta bermatzea; bideo-jokoetan euskararen erabilera bermatzea eta sustatzea…

Eta, bestetik, dagoen eskaintza hori erakusten saiatzen da, euskaldunok ere balia dezaten. Eskaintza hori ezagutarazteko eta erabilgarri egiteko, esate baterako, ZER NON IKUSI atala sortu dute beren webgunean, eta bertan kontsultatu daiteke zein den euskarazko eskaintza eta zein plataformatan ikusten ahal den: filmak, telesailak, dokumentalak, haurrentzako edukiak, euskaraz azpidatzitakoak, ikastetxeetarako edukiak, plataformetako edukiak (NETFLIX, Youtube, Filmin, HBOmax, ARGIA, Kanaldude, Vimeo…)…

                                                                

Pantailek espazio garrantzitsua osatzen dute gaur egun haurren eguneroko bizitzan, ez dago zalantzarik. Horrenbestez, seme-alabentzat irabazi beharreko beste espazio bat dira, garrantzitsua oso. Dagoenetik hasita, eta gero eta toki gehiago eginez.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat