Sormena duten pertsonek arazoak beste era batera planteatzeko eta erantzun berriak emateko gaitasuna izaten dutela esan ohi da. Edozein gairen inguruan duten oinarrizko ezagutza errentagarri egiten dute eta modu azkarrean erabiltzen dute.
Nola jakin noraino garen sortzaile? Bada, gaitasun hori neurtzeko aldagai batzuei erreparaturik:
1.- Jariotasuna. Dugun ideia kopurua.
2.- Malgutasuna. Bakoitzak ideiak azaltzeko duen gaitasuna. Malgutasuna asko goraipatzen den bertutea da. P letraz hasten diren izenak esateko eskatzen digutenean, normalean ohikoak bururatzen zaizkigu. Malgutasuna patroi hori gainditzea litzateke.
3.- Originaltasuna. Erantzun berriak emateko gaitasuna.
Baina, landu al daiteke?
Bai, landu daiteke, eta badira hainbat modu. Horietako bat sormenezko idazketa da. Izena bera ebidenteegia izan daiteke, idazteak beti baitakar sortze-prozesu bat atzean, baina istorioak sortzearen sakontasunak, noski, bestelako dimentsioa hartzen du eta euskaraz egitearen onurak ukaezinak dira.
Bada, haurrak zortzi-bederatzi urte dituztela sormenezko idazketa sustatzeko garai hobe ezina hasten da. Eta ez dezagun pentsatu eskolako eremura zedarritzen denik, etxean ere landu baitaiteke. Haurrak idaztea pixka bat gustuko badu, sustatu, areagotu zaletasuna, abantailak asko dira eta. Hasteko, idazketa horren ondorioz irudimena landuko du, azkarrago ikasiko ditu kontzeptu berriak, hiztegi aberatsagoa edukiko du, baita hizkuntzaren gaineko ezagutza handiagoa ere.
Arrazoi gehiago?
- Lexikoa aberasten da: idazketaren bidez haurrak emozioak adierazteko hitzen bila hasten dira, askotan egunerokoan erabiltzen ez dituztenak. Era berean, ez dituzte esaldi soilak idazten, baizik eta istorioak. Beraz, esaldien arteko koherentzia zaintzen ahalegintzen dira. Horrek ahozkoan zuzeneko eragina du.
- Emozioak deskribatzen dira eta hori oso mesedegarria da haurren adimenerako, baita emozioen kudeaketarako ere.
- Enpatia garatzen da. Pertsonaiak eraiki ahal izateko haurrak besteengan pentsatzen hasten dira: nola bizi diren, zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten…
- Irudimena lantzen da: istorio bat asmatu behar dute, pertsonaiak eraiki, dena girotu…
- Ordena garatzen da, baita ideiak argi adierazteko gaitasuna ere. Izan ere, haurrek beien istorioak kontatzeko sekuentzia batean idatzi behar dute eta horri esker ideiak antolatzen eta modu argian adierazten ikasten dute.
- Ortografia hobetzen da.
Etxean nola landu? Haurrak idaztera animatzea oso garrantzitsua da, eta literatur lehiaketak pizgarri polita. Orain, esate baterako, Ricardo Ederra sariketan parte hartzeko izen-ematea irekita dago.
- Adina: LH3-LH6 mailetako haurrak
- Gaia: Xamarikoren bidaia
- Luzera: 100 hitz gehienez
- Azken eguna: apirilak 25
- Nora bidali: xamariko@gmail.com helbidera
- Sariak: Irrisarriland abentura parkerako sarrerak,liburudendarako opari txartelak eta mahai jokoak
Sormenezko idazketa
CC BY-SA 4.0