ESKOLAN

Txikien lehen eskola

Nafarroako udalerri askotan, familiek euskarazko lerroa aukeratu dezakete 0-3 zikloan. Haur Eskolan hastean, haurrari ordura arteko mundu txikia zabaltzen zaio: familiakoak ez diren helduak ezagutzen ditu, hezitzaileak, baita adinkide asko ere. Oro har, ingurunea ezagutzeko aukerak biderkatzen zaizkio.

Haur eskolak familia askoren topaleku dira, euskara familia-hizkuntza duten familiena, baita euskara ez den beste hizkuntza bat edo gehiago dutenena, guztien nolakotasunak kontuan hartzen baitira. Haurrek euskara sehaskan jasotzen dutenean, hizkuntza horretan barneratuko ditu esperientzia guztiak, eta bizipen horiek izanen dira hurrengo hezkuntza fase guztien oinarria. Eta, euskara familia-hizkuntza ez denean ere, gurasoek euskarazko hautua lasai aski egiten ahal dute, murgiltze ereduetan oinarrituriko pedagokiak aukera hori ematen baitie.  Haur eskoletan oinarri nagusia da haur bakoitzaren erritmoak eta progresioak errespetatzea garapeneko edozein arlotan, baita hizkuntzak eskuratzean ere. Hura da hezitzaileen lanerako abiaburua.

Urteetako esperientziak azpimarratu du, bestalde, oso garrantzitsuak direla eskolaren eta familiaren arteko komunikazioa eta elkarlana. Izan ere, emaitzarik onenak harreman horretatik datoz, zubi bat eraikitzen baita. Kasu batzuetan, haurrak eskolaren bidez ikasiko du euskara eta horrela, hizkuntza hori sartuko da lehen aldiz etxe askotan, alegia, seme-alabei esker. Beste batzuetan, aldiz, etxean ikasitakoa eskolarako hartuko du haurrak. Nolanahi ere, kantak eta jolasak denek eramanen dituzte eskolatik bueltan, eta familia guztiek goza dezakete horiei lekua eginez etxeko ohituretan.

Azken buruan, haurren gaitasun guztiak garatzen laguntzea da gakoa, mundua ezagutzeko tresnak ematea; bere inguruko hizkuntzak, horien artean.

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat