@ Pixabay (ERAk moldatua)
BALIABIDEAKESKOLAN

D eredua: hainbat hizkuntzatan, gurasoek maiz egindako galderak

Umea izatearekin batera une zoriontsu asko bizi eta, aldi berean, ardura berriak bereganatuko dituzte gurasoek. Onena eman nahi izanen diote, noski, zoriontsu izan dadin eta bizitzan ahalik eta aukera gehien izan dezan. Beraz, hainbat erabaki gurasoen esku daude. Horien artean, besteak beste, haurra zein hizkuntza eredutan eskolatuko duten aukeratzea. Eta hori interesgarria da, halaber, berriki Nafarroara bizitzera iritsi diren pertsonentzat.

Hemen etengabea da etorri berrien mugimendua. Sarritan, herritar horiek beste hizkuntza eta kultura bat dute berezkoa, eta Nafarroan egonagatik ere, garantzitsua da familia-hizkuntza horri eustea. Izan ere, horrela hemen hazten ari den belaunaldiak ez du bere familiaren jatorriarekin lotura galduko: batetik, kultura-erreferenteak jasoko ditu eta, bestetik, beraien herrialdean geratu diren senideekin harremana izaten jarraituko du. Gainera, familia-hizkuntza bereganatzeak oinarri sendoa ematen du gerora beste hizkuntza batzuk ongi ikasteko.

Horrekin batera, beti da garrantzitsua tokiko berezko hizkuntzak ezagutzea, Nafarroan euskara eta gaztelania. Kanpotik etorri eta euskara ikasi duten pertsonek sarritan adierazten dute euskara ikasteak ateak ireki dizkiela, eta Nafarroa hobeto ezagutzen eta aukera gehiago izaten lagundu diela. Hizkuntza bat edozein adinetan ikas daiteke, baina haurtzaroan helduaroan baino errazagoa da. Horretarako, eskola eta D eredua funtsezkoak dira. Kontua da gehitzea, euskara ikasteak ere bere baitan aberastasuna ekarriko baitu.

Normala da jatorri ezberdineko pertsonek euskarazko murgiltze linguistikoaren inguruan hainbat galdera izatea. Horregatik, ERA.eus atarian galdera ohikoenak eta horien erantzunak bildu dira. Gainera, antzeko egoeran egon direnen lekukotasunak entzuteak denei laguntzen die, eta bereziki beste toki batetik Nafarroara bizitzera etorritakoei, elkarren arteko konexio zuzena sortzen baita, nolabaiteko enpatia bat, eta hori ere oso lagungarria eta lasaigarria da, esan bezala, leku berri batera bizitzera etorri direnentzat. Horregatik, maiz egindako galderetan hainbat lekukotasun topatuko dituzue.


Euskara Castellano Português Français English Română العربية Български

 

CC BY-SA 4.0