Urtebetetzeak une garrantzitsuak dira haurtzaroan; baina etxeko txikientzat ilusioz beteriko eguna dena eromena izan daiteke helduentzat, ez baitira gutxi antolatu beharrekoak. Edonola ere, haurrekin batera egiten badugu, momentu atseginak pasa ditzakegu elkarrekin.
Lehenengo lana gonbidapen txartelak egitea izan ohi da: eredu bat aukeratu eta lagun bakoitzarena prestatu. Gelaren dekorazioa ere izan daiteke elkarrekin egiteko beste lan dibertigarri bat. Puxiketan eta marrazkietan idatzi, adibidez: Zorionak eta urte askotarako! Zuri zorionak on-onak! Mila kilo zorion!
Oso garrantzitsua izanen da festa girotzeko musika ongi aukeratzea. DJ lanak errazteko ERAk abestien zerrendak eskaintzen dizkizue baliabideen atalean. Bertan aurkituko dituzue urtebetetze kantak, baita bestelakoak ere.
Kandelak itzaltzeko unean betiko “Zorionak zuri” baino kanta luzeago baten letra ikasi nahi baduzue, badira zenbait aukera. Eta haurrak karaokean animatzen badira, abesti asko dauzkazue prest sareko Txantxangorria karaokean. Aukeratu gustukoenak eta, zergatik ez, koreografiak prestatu!
Festari bukaera bikaina emateko taldeko animazio jolasak oso arrakastatsuak izan daitezke. Ugari dago aukeran Urtxintxaren webgunean.
Ongi pasa urtebetetze festa prestatzen eta urte askotarako!
Urtebetetze kantuen zerrenda: