Denbora erlatiboa da, batzuetan luuuuze eta besteetan “ya”? Eta hori inork baino hobeki dakite gurasoek, denera iristeko malabarismoa ere ikasi baitute. Egunean eguneko ezin iritsi horretan, batzuetan, tentazioa egon liteke egitekoen zerrendan atzera bidaltzeko seme-alabekin jolastea, bigarren mailakotzat jotzea. Ezaguna da, ordea, zer garrantzitsua den: jolasarekin familiarteko eta lagunarteko lotura afektiboak elikatzen dira, ikasteko balio dute, lagunak egiteko eta, jakina, euskara ongi pasatzearekin lotzen denean, euskara bera gozagarri bilakatzen da.
Hala, notizia pozgarria da familendako baliabide berri baten eskaintza: Xaldun Kortin, jolastu gurekin webgunea. Besteak beste, honakoa biltzen du: ipuin sorta bat, Ane eta ohe hegalaria antzezlana eta haur niniekin aritzeko hitz eta hots bilduma ederra. Material entretenigarria da eta, bide batez, baliagarria haurrek erraz ahoskatzeko eta ulertzeko moduko hitzak erabiliz, hizkuntza pixkanaka eta modu egokian ikasteko.
Halere, Xaldun Kortinen atalik osoena Kantu eta kontuena dugu; eta izenak izana ekarri ohi duenez, bertan era guztietako kantu eta kontuak topatuko ditugu: lokartzeko, zotz egiteko formulak, esamoldeak, eskuekin eta behatzekin jolasteko, mina arintzeko… Are gehiago, horietako asko bideo formatuan eskaintzen dira, Xaldun Kortinen Vimeo kanalean bilduak.
Bilduma hau, dena den, berria baino “zaharra berri” esatea zuzenagoa da. Izan ere, batetik, liburu eta DVD batean jaso zen eta beste batetik, bertako istorioak Nafarroako herrietan ahoz aho kontatzen ziren horien artetik hartu dira, alegia, ahozko ondaretik.
Bada non aukeratua beraz, eta denbora azkar pasatzen denez eta haurrak ohartu orduko kozkortu direnez, aprobetxatu familian jolasteko. Izan ere, jolasa garrantzitsua da, oinarri ona izanen baita haurraren garapenean, baita elkarrekin jolastea ere, guraso eta alaba-semeen arteko harremanean laguntzen baitu. Azken batean, haurrak gustura daudenean, gurasoak ere bai.
Gozagarri, betegarri, oinarri… merezi du eguneko eginkizunetan jolasari tartea egitea, ezta?
CC BY-SA 4.0