Hizkuntzak ongi ikasteko eta horietan erraztasuna lortzeko, maiz erabili behar dira; eta, ahal dela, bizipen positiboekin lotuta. Hizkuntza ikasteko prozesuan haurrek baliabideak behar dituzte egoera ezberdinetan egoki eta eroso erabili ahal izateko, hala nola, etxean, eskolan eta kalean edo lagunartean. Ahozko erregistro ezberdin horiei berebiziko garrantzia eman behar zaie egunerokoan oso beharrezkoak ditugulako. Horretarako, besteak beste, haurrentzat erakargarriak diren jardueratan eta egoeratan euskarak ahalik eta presentzia handiena izatea komeni da.
Zeregin horretan Dindaia Fundazioa da Nafarroan aintzindari. 2004. urtean sortu zen, aisialdian eta denbora librean hizkuntzaren transmisiorako zeuden hutsuneei eta zailtasunei aurre egiteko helburuarekin, eta, horretaz gain, Nafarroako haur eta gaztetxoei euskaraz gozatzeko aukera eskaintzeko eta beren artean euskarazko harremanak sortu eta sustatzeko asmoz.
Euskarazko aisialdiarekiko kezka eta interes hori, nolanahi ere, lehenagotik zetozen; izan ere, hiru urte lehenago, hezkuntza arloan eta euskararen normalizazio arloan ziharduten zenbait lagunek beharrezkotzat jo zuten euskarazko aisialdiko eskaintza egitea -kalitatezkoa eta hezitzailea-, eta heldu egin zioten erronkari. Psikologia lizentziadun, gizarte langile, haur hezkuntzan gradudun eta helduen alfabetatze eta euskalduntzean aritutako pertsona horiek guztiek lan talde sendoa osatzen dute gaur.
Talde horrek sorreran zehaztutako helburu hezitzaile eta linguistikoak gogoan izaten ditu. Baita begiraleak ere. Izan ere, Dindaia Fundazioan jarduerek eta baliabideek adina garrantzi dute begiraleek. Horregatik begirale-hezitzaileendako lan-poltsa propioa kudeatzen dute, eta langile horientzat formazio-saioak antolatzen dituzte.
Mota guztietako ekintzak burutzen ditu Dindaiak aisialdiaren arloan; aisialdia integralki garatzeko ekintzak dira, haurren garapen prozesua ahal den eta orekatuena izan dadin, eta Nafarroako Gobernuarekin, ikastetxeekin eta Toki Entitateekin elkarlanean ere bideratzen dituzte jarduera horietako asko; hala nola, Hitz eta Pitz, Dramatizazio jolasak, Dindaikale, Karrikara!, Herri-Hiri tailerrak, tailer monografikoak, udako kanpaldiak…
Haurrentzat ez ezik, gurasoentzat ere bideratzen dituzte hainbat tailer, haurrekin euskaraz jolasteko eta hizkuntzaren erabilera-ohituretan eragiteko saioak hain zuzen ere: “Jolasak eta Solasak”, “Jolastuko gara” edo “Parkean euskaraz” egitasmoak, adibidez.
Euskaraz Kilika ere, bestalde, Dindaia Fundazioak online eskaintzen duen programa da. Nafarroako hainbat herritako haurrak harremanetan jartzeko aukera ematen du eta hizkuntza-gaitasunak hobetzea du helburu.
D-ereduan dauden LH 3-6 mailatako umeek parte hartu dezakete Euskaraz Kilikan. Irailean saio batzuk burutu dira eta urriaren 17tik azaroaren 10era hurrengo txanda izanen da. Saioak bideo-dei bidez egiten dira, arratsaldeko 19:50etatik 20:30etara, astean bi egunetan. Taldea sei neska-mutilek eta hezitzaileak osatzen dute.
Parte hartu nahi izanez gero, GALDETEGI HAU bete behar duzue, urriaren 6a baino lehen.
CC BY-SA 4.0