Zerua Lapurtu dute etzana pailazoak eklipsea
KANPOAN

Zerua lapurtu dute? Ez! Eguzki eklipsea dator

Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore arduratuta daude izarrik ikusten ez dutelako. Zer gertatu da zeruarekin? Lapurtu egin al dute? Eklipsea da? Birtxi farozainaren laguntzaz urdin infinitura abiatu dira izarren bila… unibertsoaren sekretuak ezagutzera, urrunera begiratuz barrura begiratzeko!

Obra hau 2024ko azaroan argitaratutako izen bereko ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta. Hain zuzen ere, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean sortutako ipuin horrek argi kutsadura, pantailen erabilera eta natura zaintzearen garrantzia azaleratzea du helburu.

Zerua lapurtu dute emanaldien agenda:

  • Otsailaren 11n Lizarrako Los Llanos kulturagunean 17:00etan (sarrerak online eskuragarri).
  • Martxoaren 1ean Elizondoko frontoian 11:00etan.
  • Martxoaren 22an Olaztiko kiroldegian 17:00etan.
  • Apirilaren 30ean Burlatako kultur etxean 17:00etan eta 19:00etan (bi saio).

Zerua behatu, eklipserako prestatu

Aranzadik eta Katxiporretak https://zerualapurtudute.aranzadi.eus/ webgunea prestatu dute, eta bertan material didaktikoa, abestiak, eskulanak… topatuko dituzue, den-denak astronomiari lotuak.

Momentu ezin hobea da begiak lurretik altxatu eta zerura begiratzeko, izan ere, 2026ko abuztuaren 12an eguzki-eklipse osoa izanen dugu Euskal Herriko hainbat txokotan. Gehienez ere 2 minutu eta 18 segundu iraunen du eta eklipse partziala 19:30ak aldera hasiko da eta osoa 20:27 aldera. Euskal Herria zeharkatu zuen azken eguzki eklipse osoa 1905eko abuztuaren 30ean izan zen. Une oso berezia bizitzeko aukera beraz, bakarka, tontor batean, kuadrillan… hori bai, ez ahaztu eklipseetarako betaurreko egokituekin begiratzea, oso arriskutsua baita eguzkitarako betaurreko arruntekin egitea.

Horri lotuta, Aranzadi zientzia elkarteak astronomiari buruzko bilduma bat argitaratzeari ekin dio eta hain zuzen ere Eklipseak da lehen liburua. Virginia Garcia astronomoak idatzi du Karmele Gorroño ilustratzailearekin elkarlanean. Eklipseak modu errazean azaltzen dituzte eta betaurreko homologatuak dakartzate. Ez al zaizue opari polita iruditzen?

Gaur egungo konstelazioak nazioartean onarturiko estandarrak dira, baina, nola deitu izan diegu euskaldunok zeruan ikusten genituen izar multzoei? Jarraian Udako zerua artikulutik hartutako Zuberoako kontakizuna. Identifikatzen al duzue konstelazioa? Animatuko al zarete zuen txikiei istorioa kontatzen konstelazioa erakusten diezuen bitartean?