Urteko edozein gau ona da gora begira jartzeko eta zeruko konstelazioak eta planetak bilatzeko. Udako solstizioak, gainera, zeru garbiak eta tenperatura epelak ekartzen ditu eta, beraz, ez dago plan hoberik: udako gauetan leku garai eta iluna bilatu, etzan lasai belardian, eta hasi zeruak musutruk eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzen.
Holandan “Zartagina” eta Ingalaterran “Goldea” deitu zioten konstelazioari Ipar Amerikan “Lapiko Handia” esaten zioten. Greziarrek, berriz, haien mitologiako Calisto ninfa, “Hartza” bihurtuta, zerura igo zuten. Nola ikusi du, ordea, konstelazio hori euskal kulturak?
Erronkarin artzaina makilarekin ikusten omen zuten (“Artzaina bere makoareki”) eta Zuberoan idiak, lapurrak eta haien bila joandakoak. Honela jaso zuen Txilikuk Zuberoako kontakizuna “101 gau” liburuan:
“Behin batean ba omen zen itzain aberats bat eta egun batez bi lapurrek idi parea ebatsi zioten, baina konturatu zen eta mutila bidali zuen haren atzetik.
Denbora pasatu eta hura ere ageri ez, eta neskamea bidali zuen morroiaren eta bi lapurren atzetik.
Neskamearen atzetik zaunkaka joan zen etxeko txakur txikia.
Agertzen ez zirenez, nagusia ere haien atzetik joan zen.
Aurkitzen ez zituela eta madarikazioka hasi zen nagusi koitadua. Biraoak gehiegi estimatzen ez zituen norbaitek zigortu egin zuen nagusi hura eta haserretuta, jainkoek euren ekintzetan izan ohi duten arrazoigabekeriarekin, denak ortzian iltzatuta utzi zituen.”
Kontakizun hau bildu eta gorde bada ere, gutxi dira idatzizko iturrietan ahozko tradiziotik jaso diren izarren istorioak eta konstelazio izenak: antzinako euskaldunek “Hartz Txikia” beharrean “Zazpi Lapurrak” ikusten omen zituzten, eta Pleiadeak izar-kumuluan “Oiloloka bere txitekin” irudikatzen zuten. “Hiru Izarrak” konstelazioaren izena ere jaso da, baina ez dago garbi zeri egiten dion erreferentzia: Vega, Deneb eta Altair izarrek uda osoan marrazten duten hiruki ikusgarriari, agian?
Kultura bakoitzak natura interpretatzeko kontakizunak asmatu ditu, mitologia bat, azken finean, garai bakoitzeko bizimoduaren arabera jantzi eta aberasten joan dena. Aurreko belaunaldien ahozko tradizioa ez zaigu osorik heldu, tamalez. Zatika jaso badugu ere, erabil dezagun hutsunea gure gaurko ohituren eta bizimoduaren arabera osatzeko eta berrasmatzeko. Zerua izarrez beteta dago, atzakia hoberik behar al da istorio zaharrak kontatu eta berriak sortzeko?
Astronomia-gaua prestatzeko baliabideak: izarretarabidaia.eus
CC BY-SA 4.0