argazki albuma
KANPOAN

Sardina bat! …sardina bat! …biii sardina!

Noiz hasten da bidaia, autobusean ala izen-ematean?

Itsas-jarduerak, mendikoak, bertsolaritza, baserri-giroa, multiabentura…

Eskaintza handia da eta aukeratzen duzuna aukeratzen duzula asmatuko duzu, den-denak baitira dibertsiorako toki apartak. Gainera, urtetik urtera aldatzen ahal da eta aurten mendian rapelatu eta heldu den urtean Lagan surfeatu!

Familia-kontziliazioan laguntzeaz gain, udalekuak aukera paregabea dira haurrak errutinatik ateratzen direlako. 7-10 egun pasatzen dituzte etxetik kanpo, 24 orduz lagun berriekin esperientziak konpartitzen, ohikoa ez den beste inguru batean. Bizipen aberasgarriak izaten dira eta etxetik kanpo egoteak, hain zuzen, asko lagun diezaieke bestelako trebetasunak zeharka lantzen: beste giro batean erlazionatzen dira, janari desberdinak probatzen dituzte, sozializatzeko beste modu bat bizitzen dute…

Nork ez du gogoan udalekuen bueltan bizitakoa? Joan aurreko urduritasuna motxila presatzen, autobusean noren ondoan eseriko edota bueltako agur bero eta besarkadak? Oporraldi bikaina pasa eta etxera oroitzapen eta argazki-bilduma ederra ekartzen genuen.

Hori dena, bestalde, euskaraz egiteko aukera badago, baina ez eskolan izan ohi den bezala. Oraingoan, oporretan, jarduera atseginak egiten dira, giro lasaian, lagunartean. Horrela, oharkabean sortu eta finkatzen dira hizkuntza-ohiturak, euskararen erregistro informala lantzen da eta euskara jarduera atseginekin lotzen da.

Haurrak edonon bizi direla, ingurune euskaldun zein erdaldunagoetan,  udalekuak denentzat dira aproposak hizkuntzaren aldetik begiraturik. Eskola ez den beste giroan izanik, naturaltasuna eta erraztasuna bereganatzen dute, jardueren izaera ludikoa dela eta hizkuntzarekiko lotura afektiboa lantzen da eta, oro har, euskara aisialdian txertatzen da.  Hortaz, bai euskara etxean jaso dutenek, bai eskolaren bidez jaso dutenek aprobetxatzen ahal dituzte udalekuen onurak. Azken batean, garrantzia handia du eskolaz kanpoko jardueretan erabiltzen den hizkuntzak, batez ere, gorago esandako erraztasuna dakarrelako. Eta horrek hizkuntza hori erabiltzeko joera bizkortzen du. Alegia, zenbat eta erraztasun handiagoa hitz egiteko, orduan eta aukera gehiago hizkuntza horretan aritzeko.

Guztiendako gomendagarriak dira eta arrazoiak asko dira:

  • Primeran pasatzeko
  • Lagun berriak egiteko
  • Toki berriak ezagutzeko
  • 24 orduz lagunartean egoteko
  • Euskara giro informalean lantzeko

Emaiezu esperientzia ahaztezina, urtero errepikatzeko grina!

Informazio guztia eskura jarri dute Nafarroako hainbat toki entitatetako Euskara Zerbitzuek, adinaren arabera sailkaturik:

 

 

 

 

 

 

 

 

Hemen, aldiz, 2019ko UDALEKUEN  ZERRENDA osoa: