@Pixabay - PublicCo
ETXEAN

Bikotekide erdaldunak haurren euskara ikasketa prozesuan

Ohikoa da familietan guraso batek, edo guztiek, euskaraz ez jakitea. Horiek sarritan, joera izaten dute pentsatzeko ezin dietela seme-alabei euskararen ikasketa prozesuan lagundu (euskaraz eskolatzeko haututik harago), eta ardura hori guraso euskaldunaren esku uzten dute.

Baina, horrela izan behar du halabeharrez? Ez al dago beste modurik? Guraso erdaldunak ezin du rol garrantzitsua bete ala? Bada, hona erantzuna: haurrei prozesu horretan laguntzeko euskara jakitea ez da ezinbestekoa. Euskalduna izan ala ez, gurasoak asko egin dezake, eta gainera, komenigarria da egitea.

Eskolan nabarmentzen da haurrek euskara ikastea eskola komunitate osoaren ardura dela, ez Euskara ikasgaiaren irakaslearena soilik: natur zientzietako edo heziketa fisikoko irakaslearena, jantokiko langileena … Bada, etxean, euskara ikastea eta horri tokia egitea ez da soilik guraso euskaldunaren ardura, etxeko kide guztiena baizik.

Euskara jakin gabe, begibistakoa da ezingo dela praktikaren bidez transmititu, baina badira beste era batzuk, funtsezkoak direnak, non guraso guztiak inplikatu daitezkeen: haurrak motibatzea eta erabiltzeko aukerak ematea.

Motibatzeak ez du zerikusikirik euskara jakitearekin.

Motibatzea jarrera bat da, interesa adieraztea, inplikatzea. Eta Motibatzea ere bada seme-alabek etxera ekartzen dituzten berritasun linguistikoei ongi etorria ematea, baloratzea eta haiengatik interesa adieraztea. Motibatzea ere bada haurrari uztea geure euskara irakasle bilakatzen.

Gurasoen historia linguistikoa kontatzea ere motibagarria da, zergatik ez dakiten euskaraz, euskararekin duen harremana, zergatik nahi duten semeak edo alabak ikastea… Bizipen guztiak izango dira egokiak, baina historia guztiek honela amaitu behar dute: “pero qué contenta me pongo cuando veo que tú lo hablas”.

Etxean eta etxetik kanpo euskara erabiltzeko aukerak eman.

Funtsezkoa da etxean euskara eskura jartzea, hurbil eta bistan: zer telebista kate ikusten dugun, igande arratsalderako aukeratzen diren filmak, irrati-katea autoan edo sukaldean, musika jartzean, armairuko jokoak, liburuak mahai gainean bistan edo apalategietan eskura jartzean… Aukeraketa hori egitea, edo ingurune estimulatzaile hori sortzea, guraso guztien esku dago.

Eta etxean bezala, eskolaz kanpokoetan ere euskara bilatzeak eta aukeratzeak berebiziko garrantzia du. Izan musika eskola, ludoteka edo kirol taldea, izan noizean behingo jarduera artistikoak, zinema, antzerkia, musika, pailazoak, ipuin saioa… Horiek guztiek haurrei erreferenteak eskainiko dizkiete, baita euskaraz aritzeko modu eta testuinguru ezberdinak ere. Baina garrantzitsuena hauxe da: haurrek esperientzia politak biziko dituzte euskaraz, alegia, hizkuntzarekin loturiko bizipen positiboak izanen dituzte.

Guraso euskaldunak eta erdaldunak dauden familietan, aukera ona da elkarrekin ikustea “Familia: beneficios y modos de acompañar a los niños/as en su aprendizaje del euskera” eta, horrekin batera, etxeko elkarbizitzako beste gai guztiekin bezala, euskarak etxean orain duen lekuaz hitz egitea, aurrerantzean zer leku izatea nahi den, kide guztien inplikazioaren eta aktibo izatearen garrantzia…

Artikulu hau Paula Kasaresen honako bideo-solasaldian oinarriturik dago: Motivación y oportunidades: lo que podemos hacer y es conveniente que hagamos por nuestros hijos/as.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat