Etxealdi honetan hainbat gurasok egoneza dute seme-alabei ikasketekin lagundu behar dietelako, eta horren inguruko zalantzak argitzeko Iñaki Eizmendik (Ebete) laguntza eskaini nahi izan die. Argi adierazi du aldaketa handia izan dela denentzat eta kezka euskaraz ez dakiten guraso askorena dela, baita euskaraz badakitenena ere. Hemen haren aholkuak jaso dira, baita hizkera informalari buruzkoak ere, haren lanketa etxean gotortu delako.
Ikasteko ohiturak eta teknikak barneratzen lagundu
Etxetik eta irakaslearen gidaritzarik gabe ikasi behar izatea aldaketa handia izan da. Haurrek bat-batean bakarrik aritu behar dute, eta horretara ohituta ez daudenez, eskertuko dute ikasteko teknikak barneratzeko laguntza izatea:
Antolaketa: lanak aldez aurretik aurreikusten eta planifikatzen lagundu behar zaie, denbora eta hurrenkera antolatu dezaten.
Ordutegia: errutina batzuk adostu eta betetzen lagundu behar zaie. Adibidez (eta haien adina kontuan hartu behar da): gosaldu ondoren materiala prestatu, segidan 45 minutu eman eskolako lanei, ondoren atseden hartu, jarraian…
Ikasteko tokia: beti leku bera izan dadila eta ikasteko egokia. Bakarka ikas dezakete, nahiz espazio partekatu batean, baina beti toki berean.
Konstanteak baina malguak izan: ikasteko planari egunero-egunero eutsi behar zaio, ohiturak poliki-poliki barneratzen asko lagunduko baitie, baina haurrekin malgu jokatu behar da eta haien jokabideak ulertu.
Motibatu eta seme-alabekin egon
Neurria eta oreka da gakoa. Eskolako gaiekiko interesa erakustea, lana antolatzen eta zalantzak argitzen laguntzea egokia da, beti ere ardatz hartuta haurrek autonomoak izan behar dutela eta bakarrik lan egiten ikasi behar dutela. Adinean aurrera egin ahala, gainera, gero eta errazago moldatzen dira bakarkako lanean.
Beraiekin eseri eta zer egin behar duten galdetu. Irakasleek igorritako informazioa badutenez, adinaren arabera zereginak antolatzen laguntzen ahal zaie, eta gero bakarka lanean utzi.
Ariketa bat ulertzen ez dutenean edo nola egin ez dakitenean, desblokeatzen lagundu:
Eskaiezu azaltzeko, ahal duten moduan.
Ongi ulertzen ez duen zerbait bada, azalpenak eman.
Gai baten inguruko lan bat egin behar badute: informazio osagarria bilatzen lagundu, material baliagarria eskura jarri eta gaiari buruz hitz egin haiekin, aurre-ezagutzak aktibatzeko.
Motibatu: txalotu egiten ari diren lana eta ahalegina, ez emaitzak. Zoriondu itzazu, adibidez, denbora ongi aprobetxatzeagatik; erakutsi interesa ikasten ari diren gaiekiko; galdetu zer izan den asteko ariketarik interesgarriena…
Gurasoek laguntzeko zailtasunak dituztenean...
Kontuan hartu behar da gurasoek beti ezin izanen dietela seme-alabei lagundu eta hori erabat normala dela. Gurasoak ez dira irakasleak eta ez dute arlo guztiei buruzko ezagutza eduki beharrik:
Haurrei ezin bazaie zuzenean lagundu: konfidantza eskaini behar zaie eta saiatzeko eskatu, nahiz eta behar bada gaizki eginen duten. Irakasleak zuzenduko ditu ariketak eta beharrezko azalpenak eman.
Guraso eta irakasleen arteko komunikazioa funtsezkoa da: irakasleek esan behar dute zeintzuk diren helburuak eta nola eta zertan nahi duten gurasoek seme-alabak laguntzea.
Euskarazko erregistro informala etxean lantzeko: era.eus
Eskola etxean sartzeaz gain, bestelako aldaketak ere egon dira. Etxean egon beharrak etxekoekin harremanak trinkotu ditu eta gailu elektronikoen erabilera izugarri altxatu du. Bada, hori aukera bikaina izan daiteke euskararen erregistro informala lantzeko, ahoz zein idatziz. Izan ere, eguneroko harremanetan oso beharrezkoa da. Eskolako jolastokia zein jantokia orain jokoz kanpo daude, lagunarteko orduak bezalaxe, baina familiartean ere lantzen ahal da.
Kultur agenda etxera lekualdatu da: egunero etxerako kultur proposamen berri bat argitaratzen da, asteburua barne. Bideo-ipuin bat, musika, jolasak, filmak… Hemen lehen eta bigarren asteetako bildumak, egunez egun.
Eta, oro har, baliabide guztiak: aho-korapiloak, abesti zerrendak, marrazki bizidunak, Appak, Ipuinak…
Bestalde, Hernaniko Udalak antolatuta, hitzaldia eskainiko du Nerea Mendizabalek: Haurrak konfinamendu egoeran nola hazi eta hezi? Hitzaldia zuzenean emango da asteazkenean, apirilak 8, 18:30ean Hernaniko youtube kanalean. Ordu erdiko iraupena izango du eta, ondoren, hizlariari zuzenean galderak egiteko aukera izango da. Bi bide daude galdetzeko: Youtubeko txat-a bera, edo Haur eta Gazteria Arloko whatsappa (605715607).