Erein: lurra emankorra izan dadin, landu, ongarritu, ureztatu, eta landatu egin behar da. Gure seme-alabak hiztun oso eta eroso izatea nahi dugu, eta hori tantaz tanta ureztatzen den lorea da.
Hazi: haur, gazte, heldu. Euskara ez jakitetik jakitera, gaztetasunetik heldutasunera. Lur emankorrean ereindako hori hazi eginen da, egunen batean etorkizuna parez pare zabalik izango duen heldu bat bilakatu arte. Hizkuntzaren hazkuntza prozesuan eranafarroa.eus haur zein gurasoentzat bidelagun izanen da.
Bizi euskaraz: erronka ez baita bakarrik eduki akademiko bat ikastea edo lanpostu bat eskuratzeko tresna bat izatea. Hori baino gehiago ere bada. Euskara bizitzeko da, esperientziak izateko, maite dituzunekin partekatzeko, harremanak egiteko… Bide horretan, D ereduak, murgiltze ereduak, helburu anbiziotsu bat du: hizkuntzak transmititzea eguneroko bizitzan erabiltzeko.
Ereiteko, hazteko eta euskaraz bizitzeko guraso aktiboak behar dira, eskola aktiboak behar dira, gizarte aktiboa behar da. Euskara organikoa izateko, bizitzeko izan dadin, haren erabilera eta ezagutza egunerokoan modu ohiko edo natural batean bizitzea garrantzitsua da. Prozesu horretarako ingurune osoaren (familia, ikastetxea, aisialdi eta kultur guneak…) parte hartzea beharrezkoa da.
Liébana Goñi ilustratzaileak Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuetarako egindako haurrentzako neurgailu honek, hazkuntza prozesua irudikatzen du. Erein, hazi, bizi euskaraz.
CC BY-SA 4.0