Azken hamarkadetan, hezkuntza-sistemako D eredua izan da euskararen transmisiorako eta normalizaziorako tresna nagusietako bat; euskara ikasteko eta erabiltzeko ingurune babestu bat.
Gaur egun, D eredua errealitate sozial berri baten lekuko da: geroz eta anitzagoa den gizarte baten isla. Izan ere, D ereduko familien artean, euskaraz gain, hainbat hizkuntza eta kultura aurki daitezke, eta horrek aukera paregabea eskaini dezake kulturartekotasuna lantzeko.
Amelia Barquinek Guraso Eskolen III. edizioan nabarmendu bezala, hizkuntza guztiei balioa ematea oso garrantzitsua da. Izan ere, haurrek haien hizkuntza propioa errespetatua eta aitortua sentitzen dutenean, beste hizkuntza bat ikasteko motibazio positiboa garatzen dute. Hizkuntzen arteko elkar ukitzea da kulturartekotasunaren oinarria: ez da hizkuntza bat beste baten gainetik jartzea, elkar aberasteko aukera baliatzea baizik.
Hizkuntza aniztasuna esperientzia pedagogiko baten baitan landu daiteke. Ikasle batek arabieraz, kurdueraz edo errumanieraz dakiena kontuan hartzeak, jakin-mina pizten du eta ikasle guztienganako begirunean sakontzen du. Horrela, euskararen erabilera eta transmisioa, kulturarteko balioak sustatzeko tresna ere izango da. Hizkuntzak modu integratuan landuz, bide emankor bati ekiten zaio, ikasleak gai baitira hizkuntza batean ikasitakoa beste edozeinetara transferitzeko.
Era berean, D ereduko ikastetxeetan geroz eta jarduera inklusibo gehiago garatzen dira, ikasleen hizkuntzak aintzat hartuz: ipuinak kontatu, jolas linguistikoak egin edo etxeko esamoldeak partekatzen dira, adibidez. Praktika hauek azalean uzten dute euskara ez dela soilik irakasteko hizkuntza; elkar ezagutzeko eta bizikidetza sendotzeko bidea ere bada.
Hainbat testigantzek adirazi bezala, D ereduak hizkuntza-aniztasunetik abiatuta komunitate zabal bat eraikitzeko espazioa eskaintzen du.
CC BY-SA 4.0



