Inoiz pentsatu al dugu euskararen transmisioa zaintzarekin lotuta dagoela? Edo narratiba horren baitan, non euskara zaintzarekin lotzen den, gizarteak emakumea gizona baino interpelatuago sentiarazi duela?
Ez dugu pentsatuko emakumea izanen dela betikoz euskararen ama zaindaria, baina oraindik ere euskara seme-alabei transmititzearen ardura batez ere berari uzten zaio. Gurasoek euskara ez dakitenean ere, euskarari buruzko kontuak amari egozten zaizkio gehienetan. Eskolarekin erabat lotuta datozelako, akaso?
Ez da kasualitatea, baizik eta bizi garen gizartearen isla, non generoak pisu nabarmena duen eta sexuen arteko rol-banaketa haurtzarotik bertatik bideratua den, non hautuak argi eta garbi modelatuak diren.
Hurrengo zerrendan datu “kurioso” batzuk bildu dira, desberdintasunak edo desberdinkeriak agerian utziz:
- Modu esplizituan haurrei ez omen zaie esaten euskara emakumeen ardura denik, baina errealitateak honakoa erakusten die: Haurrek euskara ikasteko bide nagusiak etxea edota eskola izanik:
-
- Gurasoetako bakarra denean euskalduna, euskararen transmisioa handiagoa da bikoteko kide euskalduna ama denean.
- Gurasoek ez dakitenean, aldiz, eskolaren bidez ikasten dute eta hor, irakasleen artean emakumeak dira nagusi.
- Euskararen ezagutza exijitzen den lan-esparruen feminizazioa (irakaskuntza, osasun sistema, administrazio publikoak, hirugarren sektorea…). Horietako asko eta asko zaintzekin lotuak, berriz ere…
- Euskararen kale-neurketan behaketa zuzena erabiltzen da, alegia, kaleko jendeak zein hizkuntzatan hitz egiten duen behatzen da, beraiei ezer galdetu gabe. Bada, azken neurketek joera bat baieztatu dute: emakumeek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz.
- 2018ko Euskaraldiko parte-hartzaileen erdia baino gehiago emakumeak izan ziren.
- Euskaltegietan emakumeak dira nagusi.
- Mintzakide egitasmoan emakumeak dira nagusi.
- Hainbat ikerketatan nabarmendu da neska gazteek euskararekiko atxikimendu-maila altuago azaltzen dutela.
- ERAren sare sozialetako jarraitzaileen artean emakumeak nagusi dira.
Haurrek, beraz, modu inplizituan jasotzen dute emakumeak direla euskara geroratzearen arduradun. Eta, aldi berean, genero sistemaren arauak barneratzen dituzte: zaintza emakumeen ardura da.
Kontua da rol-banaketa oso zabala dela eta txiki-txikitatik hasten dela. Neskei eta mutilei ez zaie gauza bera adierazten.
Eta garrantzitsua da genero rolen eragina. Gurera etorrita, esaterako, oso adibide argigarria da aisialdia aukeratzeko orduan ematen den bereizketa, hizkuntzaren erabileran inpaktu zuzena duena. Neskak kultur arloko aisialdiarekin lotzen ditugu (margoketa, musika, dantza, antzerkia…). Jarduera bera arautuagoa den heinean, hizkuntza ere hala egon ohi da, eta horrek bermatzen du aisialdi euskaldunagoa izatea. Mutilak, aldiz, kirolarekin lotzen ditugu, eta hor ez dago hizkuntzarekiko ia araurik. Oso ikuspegi estereotipatua daukagu, eta gaztetxoen gustuak ere modelatu egiten ditugu; ez da hautu askea.
Nolanahi ere, maskulinitate eredu berrien baitan aitatasun eredu berriak ere aurrera egiten ari dira eta gero eta kontzientzia handiagoz ikusten da gurasoen praktikak haurrendako eredu direla. Beraz, familia tradizional heterosexualetan oraindik ere rol banaketa garbia izaten jarraitzen badu ere, hura gainditzearen beharra identifikatu eta jadanik aitortzen da euskararen transmisioaren eta amaren artean urte luzez egindako lotura ez dela naturala, baizik eta gizarte antolaketaren ondorio.
CC BY-SA 4.0