ARG: Pexels
KANPOAN

Euskara nerabe garaian

Nerabezaroa kontraesanez betetako garaia da, indar kontrajarriek talka egiten duten biziaroa. Batetik, ordura arte izandako haurretik bereizteko, eta bidez batez gurasoengandik aldentzeko, gogo bizia dute nerabeek; hau da, ezberdina izateko beharra. Bestetik, erreferentziazko taldearen ezaugarri guztiak betetzeko agindua saihestezina zaie; adinkideekin bat eginez berdina izateko premia, lagunartean arrunta. Ezberdina eta berdina izateko indar kontrajarri horiek egiten dute haurra nerabe eta aldaketa janzkeran, keinuetan eta mintzatzeko moldean islatzen da.

Horrek guztiak, jakina, eragina du euskararen erabileran: ezta pentsatu ere gurasoek egiten duten bezala mintzatzea! Utikan txikitan erabilitako hizkera eta esamoldeak! Orduan, zeri begiratu? Argi dago: gazte zaharxeagoek erabiltzen dituzten komunikazio moldeei, kalean zein sare sozialetan. Eta hor, gure egoeran, oso gutxitan aurkitzen dute euskara. Erdarak ematen die taldearekin bat egiteko tresna eta, batera, praktika multzo oso bat: janzkera, ibilera, gustuak, keinuak … hau da, performantzia oso bat.

Hala izanik, argi dago familiek aliatu bat behar dutela nerabezaroan sartzen ari diren seme-alaben euskarazko erabilera sustatu nahi badute: aisialdiko jarduera antolatuak, hain zuzen ere.

Irizpide linguistikoak bere egin dituen kirol, musika, dantza edo dena delako aisialdi jardueran gaztetxoek behar duten guztia aurkituko dute: haiek baino gazte zaharragoak diren monitoreen erabilera eredua, gazte hizkera elikatzeko esamoldeak eta adinkideen artean euskaraz egiteko ohitura sendotzeko tartea.

Aisialdia ezinbesteko aliatua da, beraz, baina familiak, beste maila batean bada ere, jarrai dezake seme-alaben euskararekiko atxikimendua elikatzen.
ERAn argitaratutako “Motibazioaren triangelua” artikuluan esan bezala, haurrak egokitzaile peto-petoak dira eta, arrazoian oinarritzeko beharrik gabe, bizi diren ingurunean egokitzeko gogoa da egiten dutenaren motibaziorik nagusia. Horregatik, euskaraz egitera eramanen dituzten baldintzak sortu behar ditugu, haurrek euskaraz eginen badute.

Helduen kasuan ere inguruneak eragin handia dauka, bistan da, baina gauza gara hiztun gisa lortu nahi ditugun helburuak irudikatzeko eta ohiko baldintza eta jokabideak aldatzeko.

Nerabeak tartean kokatzen dira. Adin horretan hasten da norberaren jokaera linguistikoaz hausnartzeko gaitasuna, baina oraindik pisu handia dauka ingurunera egokitzeko beharrak. Hortaz, bietara jokatzea da hoberena.

Esandakoaren laburpen gisa eta gurasoen lana zerbait errazteko asmoz, nerabezaroan euskararekiko atxikimendua sendotzeko dekalogoa proposatzen dizuegu:

Euskarazko aisialdi antolatuaren laguntza bilatu, gaztetxoek testuinguru horretan aurkituko baitiete euskaraz ikasteari eta euskaraz egiteari zentzua. Eskatu antolatzaileei helburu linguistikoak kontuan hartzeko. Ez ahaztu komunikazioa kolektiboa dela eta, horregatik, hizkuntza ohituren aldaketa gertatzekotan, taldearen baitan gertatuko direla.

• Jarduera antolatuez gain, bestelako aisialdian (sare sozialak eta kultur produktuak batez ere) euskarazko euskarriak bilatu eta nerabeei eskaini. Gogoan izan gaurko aisialdi eta kultur ohituretan automatismo handia dagoela: eskaintzen digutena hartu, geuk benetan zer nahi dugun pentsatu eta bilatu gabe. Joera horrek zabalpen handiko produktuak kontsumitzera eta hizkuntza handiak erabiltzera eramaten gaitu. Beraz, nerabeei joera nagusiari aurre egiteko lagundu behar diegu: agian lehen lerroan egonen ez diren euskarazko aplikazioak eta produktuak bilatzen lagundu, bilaketak neke pixka bat eskatzen badigu ere. Behin bidea ikasita, errazagoa izanen da dena.

• Lagundu seme-alabari euskararekin duen loturaz pentsatzen. Horretarako, hobe da haiei gure nahien eta esperientzien berri ematea, haiengandik espero duguna behin eta berriro eskatzea baino. Izan ere, aldaketa errazagoa izanen da erabakitzeko tartea uzten badiegu. Gure nahia inposiziotzat hartzen badute, kasurik ez egiteko arrisku handia dago.
• Hausnarketaz hausnarketa, kontuan hartu kontzientzia eta atxikimendu linguistikoaren oinarrian, batez ere, emozioak daudela. Beraz, ahalegindu euskara emozio eta esperientzia positiboekin lotzeko aukerak hurbiltzen.

• Gaztetxoek gazte hizkerari eskatzen diotena ulertu: nahasketak eta akatsak askotan identitate kontuak dira, badute, beraz, bere funtzioa. Hizkuntza eredu onak gertu badituzte, jakinen dute noiz eta norekin erabili erregistro jasoa eta noiz eta norekin informala.

• Nerabeak inkoherentziari “hipersentikorrak” dira. Gauza bat esan eta beste bat egiten ikusten bagaituzte sinesgarritasuna galdu dugu. Beraz, haiengan nahi ditugun hizkuntza portaerak geuretzat ere hartu.

Argi dago familiak haurtzaroan duen eragina ahultzen dela nerabezaroan. Edonola ere, gaztetxoek euskararekiko atxikimendu eta motibazioa ez galtzeko, gurasoek egin behar duten lanak jarraitzen du ezinbestekoa izaten. Agian ez da emaitza berehala ikusiko, baina ahaleginak geroko urratsak erraztuko dizkie seme-alabei, zalantzarik gabe.

CC BY-SA 4.0