KANPOAN

Parkelaguna: euskara, parketik etxera

Euskara ikasteko modu bat baino gehiago dago. Eta ikasteko garaiari erreparatuz gero, gauza bera esan daiteke. Noski, hiztun oso bihurtzeko haurtzaroan ikasteak parekorik ez du, hau da, etxean gurasoengandik ikasteak. Baina, denek ez dute etxetik jasotzen ahal. Horrek, dena den, ez du esan nahi euskara etxera eraman ezin denik.

Euskara ikasten ari diren eta maila polita lortu duten  guraso askok, adibidez, dakitena alaba-semeekin erabiltzea erabaki dute, eta poliki-poliki euskara etxeko hizkuntza bihurtzea. Horietako askok Mintzapraktika programetan parte hartzen dute prozesu horretan laguntzen baitie. Astean behin euskara praktikatzeko taldeetan bildu  eta faltan sumatzen zuten jariotasuna eskuratzen doaz, lotsa lurruntzen doa… Praktikaren bidez ere ikasten direlako hizkuntzak, arian-arian aurrera egiten da.

Gainera, hainbat tokitan Mintzapraktika programa horiek gurasoen behar bereziak asetzera bideratu eta Parkelagun aldaera antolatzen dute. Hor 5 urte bitarteko umeak dituzten gurasoak biltzen dira. Batetik, ordutegi, kezka eta hizketagai komunak dituztela probesteko eta, bestetik, aldi berean haurrekin egon ahal izateko. Euskara geroz eta gehiago hitz egiteko tresna gisa eskaintzen zaie, baina era berean, seme-alabekiko harremanean euskara txertatzeko. Horretarako, mintza-saio arruntak euskarazko jolasak eta kantuak ikasteko tailerrekin tartekatzen dira.

Dena den, ez dira euskara ikasten ari direnendako saioak, ez beraiendako soilik. Izan ere, badago euskara jakin arren erabiltzeko ohiturarik ez duen jende asko. Eta ohitura hori aldatzeko determinazioa behar da, noski, baina horrelako programek ere asko laguntzen dute. Gurasotasunak aldaketak dakartza, eta horietako bat askotan izaten da etxean bestelako hizkuntza-ohiturak ezarri nahi izatea.

Programaren ezaugarri nagusiak:

  • 5 urte bitarteko haurren gurasoek parte har dezakete.
  • B1 maila edo hortik gorakoa behar da.
  • Mintza-saioak astean behin izaten dira, ordubetez.
  • Tokia: taldekideek erabakitzen dute non bildu.
  • Azaroan hasi eta maiatzera arte irauten du.
  • Talde txikian egiten da.

Une honetan honako udalerri hauetan eskaintzen da:  Artikan, Burlatan, Uharten eta Eguesibarren. Dena den, beste toki batzuetara ere zabaldu liteke.

CC BY-SA 4.0