Haurrek lortuko dute euskararen erabilera areagotzea, helduok jadanik berandu baikabiltza, ezta?
Gauza gehiagorekin bezala, belaunaldi berriek lortuko dute! Klima-aldaketa geldiaraztea beraiek lortuko duten modu berean, oso erraza baita eta premia handiegirik ez baitago, euskarak biziraunen badu haurrei esker izanen da. Esperantza beti besteengan uzten. Esperantza ala ardura?
Ardura hori kirtenetik heltzeko garaia zela gero eta argiago, Euskaraldia egitasmoa sortu zuten 2018an eta berriz ere bueltan da.
Askok diote erraza dela erabilera handitzea, alegia, atzean ez dagoela inolako sekreturik: erabili eta lixto. Tira, egia da misterio handirik ez dagoela, baina aldi berean,jakin behar da indarra nora bideratu: ohitura berriak ezartzera.
Horri begira, aukera bat baino gehiago dago. Eguzkitik eguzkira dena irauli nahi duen jendea dago, baita urrats txikiagoak, baina etenik gabeak eman nahi dituztenak ere. Horiendako, adibidez, euskara gehiago erabiltzeko uneak edo egoerak (edo pertsonak) aukeratzea ongi legoke. Nola edo hala, ekitea da kontua. Ekintzetara jauzi egitea.
Euskaraldia izan daiteke, jakina, hizkuntza-ohituretan euskarari toki gehiago ematen hasteko abiapuntua. Haurrek eskertuko dute gurasoek euskaraz gero eta gehiago hitz egitea. Izan ere, adin horretan ama, aita eta senide hurbilenak eredu dituzte eta beraiek jokatzen duten modu berbera erreproduzitzen dute. Eta, euskarak egoera guztietarako balio duela ikusiko dute, bidenabar.
Beraz, nahiz eta Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzat izan, euskararen erabilera familian areagotzeko aukera ere izan daiteke, kaleko giroak ere etxekoa suspertu baitezake.
10 aholku etxean euskaraz gehiago hitz egiteko:
- Euskarazko musika entzun eta elkarrekin abestu.
- Ipuin interaktiboak elkarrekin irakurri (edo entzun, haurrak oraindik irakurtzen ez badaki) eta pantaila bakoitzean ikusten dena elkarrekin komentatu.
- Erosketak euskaraz egin. Herri askotan zerbitzua euskaraz ematen duten saltokien zerrenda argitaratzen dute eta aukera polita izan daiteke haurrek euskara dendetan ere erabiltzen dela ikus dezaten.
- Marrazki bizidunen kapitualuan gertatutakoa kontatzeko eskatu.
- Jolasetan eta denbora-pasetan euskaraz aritu: Jolasak eta Solasak
- Euskarazko kultur eskaintzan parte hartu: https://eranafarroa.eus/agenda/
- Euskarazko App bat deskargatu eta elkarrekin jokatu.
- Aho-korapiloak irakatsi: https://blogak.eus/guzurtruk/aho-korapiloak
- Podcastak elkarrekin entzun eta istorioari buruz hitz egi: https://www.eitb.eus/eitbpodkast/aisia-fikzioa/sara-eta-paul/audioak/osoa/8889219/podcast-audioa-09-atala-motorista-sara-eta-paulen-abenturak-azimuth-faktoria-eitb-podkast/
- TBn euskaraz dagoena eskaini: https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/goazen/bideoak/osoa/8989272/azaroaren-18an-estreinatuko-du-eitb-mediak-goazen-90-telesaila/
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra: Hitzez ekiteko garaia!
Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.