ARG:ERA
BALIABIDEAKETXEAN

Gaur lehenbiziko ostikoak sentitu ditut

Haurdunaldia oso garai berezia izaten da. Emozio eta sentimendu asko bizitzen dira haurdun geratu eta umea izan arteko 9 hilabeteetan. Beste modu batera esanda, 40 aste pasako dira, gutxi gora behera, albistea jakiten denetik umea jaio arte.

Denbora tarte horretan amak biziko dituen aldaketa emozionalak eta fisikoak ugariak izanen dira. Bere barnean sortu eta handitzen ari den haurtxoaren eta amaren arteko lotura sendotzen doan heinean, amaren gorputza aldatzen doa etengabe, egunetik egunera.

Hain da garrantzitsua hilabete horietan bizitako guztia, gertatzen ari dena idatziz jaso eta gorde nahi izaten dela askotan.

Helburu horrekin sortu ziren haurdunaldiko liburuak. Astez aste, hirugarrenetik berrogeigarrenera, eta orriz orri, haurdun dagoenaren bizipenak idazteko eguneroko moduko bat da, gogoratu nahi ditugun une hunkigarriak jasotzeko: lehenbiziko ostikoak sentitu izana edo lehenbiziko soinuak jaso izana, esaterako, baina baita amaren gorputza hartzen ari den pisua jartzeko ere.

Bestalde, fetuaren garapenaren informazio osagarria ematen du egunerokoak berak, esaterako, 9. astean honakoa jartzen du: “esku eta oinetan hatzak izango direnak zehazten hasten dira”; 24. astean, berriz,  beste hau: “bizi-organoak heltzen ari dira baina birikak oraindik ez daude guztiz osatuta”; 30. asteari dagokionez: “Gutxiago mugitzen da, asko hazi da eta uteroan leku gutxiago du”.

9 hilabete izeneko liburuan daude jasoak esaldi horiek, eta beste hainbat, orriz orri 40 asteko tartea osatu arte. Horiekin batera, haurdunaldiko zitak jasotzeko tokia ere eskaintzen du, beste orri batean izenen zerrenda egin daiteke edota ospitaleko poltsa prestatzeko eraman beharrekoan zerrendan egiteko gunea ere badago.

Haurdunaldiari buruzko egunerokoa euskaraz dago eta nini_bat etxeak argitaratua da.